Vulcanoren traktorea motorra berotzen ari da

Anboto 2015ko api. 21a, 09:17
Vulcano futbol taldea euskararen aldeko pankartagaz Euskaraz Bizi Egunaren harira

Asteburuan puntu bat batzen badu Maila Gorenera igoko da Vulcano futbol taldea. Orain hiru urte egin zuten legez, Pasquali traktorea prest dute ospakizunerako.

Athleticek gabarra ateratzen duen moduan, Vulcano futbol taldeak Pasquali traktorearen gainean ospatzen ditu bere igoerak. Eta traktoreak bero du motorra. Lau partidu eta 12 puntu geratzen dira jokoan eta Vulcanok 11 puntu ateratzen dizkio igoeratik kanpora dagoen lehen taldeari. Beraz, asteburuan Nanclares de la Ocara egingo duten bisitan berdinketa bat nahikoa dute Arabako Lehenengo Erregionaletik Maila Gorenera igotzeko.

Vulcanok maila handiko taldea eratu du aurten. Denboraldiaurrean esperientzia handiko lau-bost jokalari batu zituzten, Koikili Lertxundi, tarteko. Horrek taldea asko sendotu zuen Javier Axpe taldeko aurrelariak azaldu duenez: “Iaz ia neu nintzen 30 urtetik gorako jokalari bakarra eta aurten hainbat gara. Batzuk futbola utzita zuten jokalariak dira. Koikili ibili da bueltatu zitezen animatzen”. Aurten etxean jokatutako 14 partiduak irabazi dituzte eta alde handiagaz golik gehien sartu duten taldea dira: 88 gol. Horietatik 27 Axpek sartu ditu. Ondorioz, lider sendoak dira sailkapenean.

Gora eta behera

Azken hamarkadan Vulcano hainbat bider igo eta jaitsi da. Maila Gorenerako orain hurrengo igoera 2012an lortu zuten. Hurrengo denboraldian, ordea,  berriro jaitsi ziren denboraldi osoan hiru puntu bakarrik lortuta. Beraz, igoera lortzen baldin badute, Maila Gorenean lehiakorrak izatea izango da helburu nagusia eta, aurtengo taldeari eutsiz gero, mailari eustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!