Euskararen alde egiteko egun osoko jaia bihar

Anboto 2015ko api. 17a, 09:34

Bihar euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho bihurtuko da Otxandio. Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Euskaraz Bizi Eguna prestatu du herriko eragile eta elkarteekin batera. Euskararen alde egotetik euskaren alde egitera igarotzeko mezua zabaldu gura dute aurtengo ekitaldian.

Txistulariak, kale animazioa, artisautza azoka, futbol partiduak, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen zuzenekoak… Egun osoko jaia izango da (egitarau osoa Agenda atalean). Eta hori guztia antolatzeko bidea auzolana izan da. “Gure filosofia herria jaien parte izatea da, eta herritarren inplikazioa bilatzen saiatzen gara”, dio Otxandion bizi den Mikel Ortiz de Zarate EHEko kideak.

Egun osoko egitaraua otxandiarrei esker antolatu ahal izan dute, eta azpiegiturak muntatzeko laguntza ere herrian jaso dute: “Oso erantzun ona jaso dugu. Jende asko agertu zaigu muntaiagaz laguntzeko prest; herritarrak gugana etortzen dira, eta ‘Zer egin dezakegu?’ galdetzen digute”.

Eguraldi lainotsua iragarrita dago, eta euria egin dezake une batzuetan. Edozelan ere, 30 metro luze den karpa bat prest dute plazan, ekitaldiak hartzeko. Eguraldiaren arabera, artisautza azoka Andikoa plazatik pasealekura tokialdatu daiteke.

Eguraldia edozein dela ere, herri bazkaria arrakastatsua izango da. 400 txartelak ia salduta dituzte, eta, eskaera handia denez, baliteke bazkaritarako txartel kopurua handitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!