Zapatuan Otxandiora joateko deia egin dute, "euskararen alde egitera"

Anboto 2015ko api. 13a, 11:12

Otxandioko eragile ugari batu da zapatuan EHEk antolatutako Euskaraz Bizi egunerako deia egiteko. Herriak euskararen alde daukan jarrera aktiboa azpimarratu du EHEk: "Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena". Zapatuan izango dituzte, besteak beste, kale animazioa, 500 lagun ingururentzako herri-bazkaria eta kontzertuak. 

Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera! Hori da aurtengo Euskaraz Bizi egunerako EHEk aukeratu duen leloa. Otxandion, aktibo izate hori nabarmenduko dute zapatuko jaian. Deialdian azaldu dutenez, "euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoak martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi".

Egitaraua

Mendi irteerarekin hasiko dute zapatuan Euskaraz Bizi eguna, 09:00ak aldera. Katntu-poteoa, artzain-txakurren erakustaldia eta umeentzako jolasak izango dituzte. Eguerdi partean herri bazkarirako elkartuko dira. Arratsaldetik aurrera hainbat musika talde ikusteko aukera egongo da: Gibelurdinak, Luhartz eta Governors, esaterako. Hemen duzue zapatuko egitarau osoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!