Otxandio arnasguneak euskaraz bizitzeko aldarria hauspotuko du apirilaren 18an

Anboto 2015ko mar. 6a, 14:15

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Otxandion antolatuko du Euskaraz Bizi Egunaren aurtengo aldia. Egun osoko egitaraua osatu dute Otxandioko herritar eta elkarteekin auzolanean.

Iaz Gasteizen antolatu zuten eta aurten hiritik herrira ekarri gura izan dute: “Otxandio arnasgune txikia eta babesgunea handia da. Euskararen alde egiteaz gainera, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da. Euskal Herri euskaldunaren idea aldarrikatu gura dugu eta Otxandio horren erakusleiho da”, adierazi EHEko Nestor Estebanek Euskaraz Bizi Egunaren seigarren aldia aurkezteko gaur Plateruenean eskainitako prentsaurrekoan. Horregaz batera, “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera” igaro beharraren mezua zabaldu gura dute: “Euskaraz bizi gura duenaren herri gogoa aktibatzea gakoa da. Euskaraz bizi gura dugula lau haizetara aldarrikatu gura dugu”.

Apirilaren 18rako egun osoko egitaraua prestatu dute auzolanaren bidez: “Herriko elkarte eta herritarrekin bildu gara ahalik eta egitarau zabalena osatzeko”, EHEko Koldo Zarateren esanetan. Goizean zehar mendi irteera antolatuko du Mirugain taldeak eta, ondoren, Soinubilek eta txistulariek herrira zabalduko dute jai giroa. Goizean zehar gaztetxoei begirako puzgarri, jolas eta tailerrak ere egongo dira Gaztetxe parean Kimuak aisialdi taldeak antolatuta.

Eguerdian Urdax Magunazelaia harri-jasotzaileak erakustaldia eskainiko du. Ondoren, herri bazkarian batuko dira pilotalekuan eta 450 bat lagun batzea itxaroten dute. Bazkalostea Gibelurdinak taldeak girotuko du eta musika doinu horiekin egingo dute frontoitik herrigunerako kalejira ere. Plazan, Urduri dantza taldeak hartuko du erreleboa dantza saioagaz. Ostean, 18:30ean, EHEk ekitaldia egingo du Euskaraz Bizi Egunagaz zer aldarrikatu gura duten esateko.

Ordutik aurrera musika izango da protagonista nagusia. Batukotx batukada eta kale animazio taldeak herriguneko bazterrak girotuko ditu. Ondoren, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeek zuzenekoak eskainiko dituzte plazan atondutako karpan. Gaztetxean DJ Elepuntok ipiniko du musika.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!