Plazako zorua estaltzeko lanak esleituko dituzte

Anboto 2015ko mar. 4a, 09:54

Amaitu dituzte plazako arkeologia lanak, eta dokumentatu dute hango ondarea. Orain, plazaren eraberritzeagaz jarraitu dezake udalak. Hurrengo pausoa plazako zorua berrizteko lanak esleitzea izango da. Lan horiek jasotzen dituen baldintza orria joan zen egueneko udalbatzarrean onartu zuten aho batez. Lanak jaietarako amaitzea aurreikusi dute.

Zoruko ondareak lurragaz kontuz bete ondoren, gainaldean hormigoia bota eta harlauzak ipiniko dituzte, besteak beste. Obra osoaren aurrekontua 122.000 eurokoa da. Sei enpresari –hiru herriko eta hiru kanpoko– egin diete aurrekontuak aurkezteko proposamena.

Lanak uztail hasieran amaitzea aurreikusita dago. Uztailaren erdian Santa Maña jaiak hasiko dituzte. Horregatik, esleipena ahalak arinen egin gura dute. Horretaz gainera, enpresei obretako epeen egutegi bat zehazteko eskatuko die udalak. Horrela, lanen gertuko jarraipena egin ahal izango dute.

Batzarra igerilekuari buruz
Batzar informatibora deitu du udalak, igerilekuen esleipen prozedura azaltzeko eta interesa izan dezaketen herritarren zalantzak argitzeko. Batzar hori datorren astelehenean izango da, 18:30ean, udalbatzar aretoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!