Aurtengo aurrekontuak aho batez onartu dituzte Bilduk eta EAJk

Anboto 2015ko ots. 11a, 13:29

Joan zen egueneko udalbatzarrean gobernu taldeak (Bildu) eta EAJk aho batez onartu zituzten 2015. urteari dagozkion aurrekontuak.


Aurreko urteekin alderatuz gero, inbertsioetarako baliabide gehiago izango ditu udalak. Iazko likidazioak 200.000 euro inguruko balantze positiboa utzi du. Horri gehitu behar zaiodiru-laguntzen bidez lortzea espero duten zenbatekoa, eta diru horregaz, batez ere, proiektu bi landuko dituzte: plaza eraberrituko dute, eta eskolan zein pilotalekuan biomasa galdara bidezko sistema jarriko dute. Plaza eraberritzeko 300.000 euroko inbertsioa beharko dute, eta Jaurlaritzak 200.000 eurogaz lagunduko dio proiektuari.

Biomasa galdarari dagokionez, eskolari zein pilotalekuari ur beroa eta berotasuna ematen dioten gasolio bidezko galdarak dagoeneko zaharkituta daude, eta, horien ordez, biomasa, hau da, egurra, erabiliko duen galdara jarri gura dute. Santi Uribe alkatearen esanetan, iaz ez zuten horretarako diru-
laguntzarik lortu, baina aurten 50.000 euro lortzeko “esperantza handia” dute. “Aurten berriro eskatzeko esan digute, eta lehentasuna izango dugula”.

Diru sarrerak %4,2 igo dira, eta 1.556.303 eurokoa da zenbateko osoa. Udalkutxatik 936.425 euro jasoko dituzte, iaz baino %6 gehiago. Zergen eta tasen bidez 530.000 euro jasotzea aurreikusi dute. Ohiko gastuak 1.363.670 eurokoak izango dira, iaz baino %5 gehiago. Ohiko gastuez gainera –administrazio orokorrari, eta kultura eta kirol jarduerei dagokiena, besteak beste–, hipoteka biri aurre egiten jarraituko dute: Erraldeko lurren hipotekari dagozkion 14.726 euroei eta oraindik saltzea lortu ez duten Zerrabiko partzelari dagokiona: 33.881 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!