Iñaki Pereda, arkeologoa: "Plaza azpian aurkitutakoagaz Otxandioren garapena ikusi daiteke"

Anboto 2014ko abe. 19a, 13:12

Otxandion historiak lurpean utzitako arrastoak ikertzeari ekin dio Iñaki Pereda arkeologoak. Hainbat hilabetetan, plazan, lokatz artean aurkitutakoa zer den bertatik bertara azalduko die herritarrei, zapatu eta domeka honetan.. Bere lana pasioz bizi du, eta ilusio horregaz erantzun die galderei. Azterketaren ondoren, udalak plaza konpontzeari ekingo dio.


Non kokatu duzue azterketa arkeologikoa?
Otxandion lehenengo lanak 2001ekoak dira. Hainbat zundaketa egin genituen uriaren ezaugarri arkeologikoak aztertzeko. Ondoren, orube batzuetan, Andikona plazan, esaterako, beste ikerketa batzuk egin ditugu. Oraingo honetan plaza nagusian ibili gara. Konponketei ekingo diete, eta aurretik egoeraren balorazioa egin dugu. Aldundian proiektua aurkeztu ondoren, abuztuaren 4an hasi ginen lanekin, eta orain arte jardun dugu. Lana luzatu egin da, elementu jakin batzuk aurkitu ditugulako.

Aurkikuntza horiekin zer ezagutu dezakegu?
Otxandioren ezaugarri kulturalen eta herriaren okupazio faseen inguruan gehiago sakondu dezakegu. Plaza herriko espazio zentrala da. Herriaren okupazioaren laburpen bat da. Otxandioren garapen osoa ikusi dezakegu bertan.

Ikerketa honek zer balio izan dezake Otxandioren historian?
Oinarrizkoa da. Plaza herriaren bihotza izan da, eta aurkikuntza honegaz herriaren eraldaketa ezagutu dezakegu. Etorkizunera begira beste azterketa batzuk planifikatzeko ere balio dezake.

Nondik hasi daiteke aurkitutakoaren ondorioak ateratzen?
Hiru momentu garrantzitsu daude: Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea.  

Erdi Aroko zein elementu aurkitu duzue?
Erdi Aroko hobi bat aurkitu dugu. Ikuspuntu dokumental eta bibliografikotik, ez genuen horrelakorik aurkitzea espero. Idatzizko testuetan ez da agertzen. Hala ere, sarritan arkeologian  kultura materialak beste ikuspuntu batzuk ematen ditu.

Hobiarena aurkikuntza garrantzitsua al da?
Erdi Aroan urietan edo gazteluetan hobiak ohiko elementuak ziren. Gipuzkoan, beste hobi batzuk aurkitu dira, Tolosan eta Elgoibarren, esaterako. Bizkaian, berriz, orain arte Urduñan baino ez da horrelako hobirik aurkitu. Zentzu horretan, aurkikuntza esanguratsua da, planifikazio garrantzitsu bat eskatzen duen obra kolektibo bat delako. Hobi hau eraikitzea lan gogorra izan zen. Ikusi beharko dugu norantz doan, inguru batera edo bestera doan.

Erdi Aroko zer edo zer gehiago aurkitu duzue?
Posteak sartzeko zulo batzuk agertu dira. Eraikuntza batzuen egiturenak dira, baina oraindik ez dakigu zeren arrastoak diren.

Aro Modernoan eraldaketa handia gertatu zen.
XVI. mendetik aurrera eraldaketa urbanistiko garrantzitsuak gertatu ziren. Ordura arte, hobiak hiriko espazioa bitan zatitzen zuen. Bata, hiriaren ingurua eta, bestea, elizaren ingurua. Aro Modernoaren hasieran, hobia bete egin zuten. Une horretan hasi ziren XVII. mendean izan zen plaza planifikatzen. Era berean, plazaren alde batean forja bat zegoela dirudi.

Gurdien arrastoak ere aurkitu dituzue.
Horiek XVII. mende aurrekoak dira. Ematen du XVI. mendean, plazaren alde batek irteera zuela egurraren, ikatzaren eta harrobien hornidurarako. Gurdien arrastoak agertu dira, gurpilek arrastoa utzi izan balute bezala. Horren gainean, beranduagoko bide bat agertu da. Bigarren mailako bide hori gaur eguneko Bolaleku kaletik pasatzen zen, eta San Bernabe ingurura zihoan. Hori herriaren birika bat izango litzateke.

Jauregi baten arrastoak ere aurkitu dituzue.
Eraikin handi baten egituraren arrastoak aurkitu ditugu. Iturrizak dio Otxandioko plazan jauregi bat zegoela eta 1640an eraitsi zutela. Ikusi dugunaren arabera, litekeena da Iturrizak aipatutako jauregi horrenak izatea. Eraikin handi bat izan arren, badirudi eraikin horrek ez duela iraun. Posible da guztiz eraiki ez izana. Beraz, plazan elementu asko izan dira, eta eraldaketa handia izan du.

Aro Garaikidean, zelako aldaketak gertatu ziren plazan?
Aurreko sasoiko elementu guztiak bertan behera gelditu ziren. Tailerra eta lonjak deuseztu egin ziren, eta espazioa urbanizatzeari ekin zioten. Euste-hormak jarri zituzten, lurra eroan zuten, eta gaur egungo espazioa sortzen hasi ziren. XIX. mendeko espazioa sortzen hasi ziren: pilotalekua eta pasealekua, esate baterako. Espazio garden bat eraki zuten, herritarrek gozatzeko.

Sasoi horretan, plazan zelako ekintzak garatzen ziren?
Sasoi horretako elementu batzuek harritu egin gaituzte. Ematen du labe bat egon zela. Posteak sartzeko zulo batzuk ilaran aurkitu ditugu. Dokumentazioak dioenagaz bat eginda, baliteke inguru horretan zezen plaza egon izana. Agian, ez zezenketetarako. Izan liteke sokamuturra edo horrelako ekintzaren baterako balio izana. Gainera, horrek ekintza komertzialetarako ere balio zezakeen, ganadua gordetzeko, esate baterako.

Zein da ikerketaren hurrengo urratsa?
Orain emaitza arkeologikoen inguruko txostena osatuko dugu, eta Aldundiak aztertu egingo du. Horrela, Aldundiak udalari bidaliko dio plaza horretan hartu beharreko neurriei buruzko txostena. Udalak emaitzak kontuan hartu eta gero, obra baimena izango luke lanei ekiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!