Truke azoka eta baserriko produktuen azoka izango dituzte asteburuan, Otxandion

Anboto 2014ko abe. 12a, 12:00

Zapatuan truke azoka egingo dute goizean, eta domekan, baserritarren eta artisauen azoka izango dute. Domekakoa Kementsu elkarteak antolatu du. Gazta, eztia, ortuariak, ogia eta bestelako produktuak egongo dira baserriko produktuak saltzeko postuetan; gainera, bitxigintza eta larrugintzaren inguruko artisautza postuak ere izango dira.


Bestalde, hainbat erakustaldi antolatuko dituzte. Border txakurrekin osatutako erakustaldia egongo da ikusgai, esaterako. Txakurrek ahateak toki batetik bestera eroan beharko dituzte, jabearen aginduak beteta.

Erakustaldi hori, plazan ez ezik, Artekaletik zehar ere eroango dute. Beste erakustaldi batean, antzina burdina zelan lantzen zen erakutsiko dute Irurtzundik (Nafarroa) etorriko diren lau lagunek: burdina gorituko dute, eta, ondoren, forma emango diote kolpeka. Hirugarren erakustaldia, berriz, moztaileena izango da, eta Otxandion bizi den bizilagun bat arduratuko da ardiei ilea zelan mozten zaien erakusteaz. Horretaz gainera, goiz osoan trikitiagaz animatuko dituzte kaleak.

Zapatuan, truke azoka

Zapatuan, 09:00etatik 15:00etara truke azoka egingo dute udaletxe pareko plazan, udalak antolatuta. Azokan, askotariko objektuak (arropa, liburuak, musika diskoak eta etxetresnak, adibidez) ez ezik, zerbitzuak ere trukatu ahal izango dira; hau da, autoak konpontzen abila denak, haurrak eskolara eroateko prest dagoenak edo azpiegitura elektrikoak egiten dakienak, esaterako, zerbitzu horiek trukatu ahal izango ditu interesatuta dagoen bategaz.

Azokako baldintza nagusiena da ezingo dela dirua erabili; ezingo dira objektuak erosi diruaren bidez. Horren ordez, trukea erabili beharko da, negoziaziorako nork bere abileziak erabilita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!