Floren Urigoitia: "Gurasoek argi-garak ereiten zituzten, baina txikitan ez genituen gustuko"

Anboto 2014ko aza. 23a, 10:00

Ortuan jarduteko sasoi onean egon beharra dago. Ondotxo daki hori Floren Urigoitia 85 urteko otxandiarrak. Ortuan denetarik izaten du, baina bere barazkirik preziatuena arbi-gara da. Prest agertu da ANBOTOri jaki horren sekretuak azaltzeko.


Arbi-gara ereiten duzu, baina zer da hori?
Aramaion erdarazko naboari arbixe esaten zaio, eta hortik dator izena. Naboaren erdiko lorea da.

Zelan ezagutu zenuen arbi-gara?
Aitak eta amak ereiten zuten, baina txikitan ez zitzaigun gustatzen. Latzak dira. Gustu berezia dute. Beranduago bai; janari gozoa da. Kutsu berezi bat du.

Zelan prestatzen duzu?
Birritan egosi behar da uragaz. Azkenengoan pipermin pixka bat botatzen diot. Handik atera, eta bolak egiten ditut ura kentzeko. Izozkailuan ere sartu daitezke, baina ateratzerakoan ura kendu behar zaie berriro. Ondoren, berakatzagaz txiki-
txiki eginda, urdaia botatzen zaio. Urdaiak ematen dio grazia. Barazkirik onena da.

Noiz ereiten dira?
San Bartolome sasoian ereiten da, abuztu inguruan. Gero, otsailean batzen dira. Durangaldeko beste herri batzuetan zergatik ez dira onak irteten? Beste herri batzuetan arin garatzen direlako. Garatzen bada, ez du balio. Hemen hotz handiagoa egiten duenez, denbora gehiago dugu batzeko. Nik eskuagaz batzen ditut. Lagunekin arbi-garagaz afaria egiterakoan batek esan zidan: “Ez diogu inori esango honek onak direnik, bestela denek ikasiko dute prestatzen”.

Arbi-gara ezin da erosi?
Pedro Luisek dendan saltzen du, Otxandion. Eskatuz gero, izaten ditu.  

Arbi-gara elikagai aberatsa dela diozu.
Siku bazaude, oso aproposa da.  Ura edatea eta ibiltzea ere osasuntsuak dira.

Jubilatuta zauden arren, baserritik atera duzu bizimodua?
45 urtean lantegian lan egin dut, eta baserrian ere bai.
 
Baserriko bizimodua asko aldatu da?
Bai, lehen ez zegoen makinarik. Belarra ebakitzeko tailerretik irten, eta Oletara, Mekoletara eta alde guztietara joaten ginen. Orduan lana sobera zegoen, eta dirurik ez. Orain, ostera, lanik ez, eta dirua sobera. Sasoi hartan aitzurra behar zenuen, eta dena eskuz egiten zen. Orain, makinagaz momentu batean egiten da dena.

Baserrian bizi izan zara?
Gu etxean bizi izan gara, herrigunean, baina beti izan ditugu behiak, astoa eta karroa. Eta anaia guztiok lantegian jarduten genuen. Sasoi hartan etxe guztietan ganadua izaten genuen.  
Sasoiko egoteko arbi-garek eraginik izango zuten.
Gure gurasoak baino hogei urte gehiago bizi gara orain. Pentsua daukagu eta! Farmaziara joan, eta erosi egin daiteke. Garajea ere badugu, medikuarena. Bertan ikusi nuen lehengoan lagun bat, eta gaixorik nagoen galdetu zidan. Gaixorik nagoen ikustera joan nintzela esan nion.   

36ko gerra gogoan izango duzu. Otxandioko bonbardaketari buruz, zer oroitzapen duzu?
Milizianoak izaten genituen etxe bakoitzean lo egiten. 7 urte egiteko nituen nik. Zarata entzun genuen behin, ohetik altxatu, eta korrika irten ginen babeslekura. “Juliana, zuen umea biluzik doa!”, esan zioten amari. Ez zegoen janzteko astirik ere.

Senitartekorik galdu zenuen bonbardaketan?
Ama metro batzuengatik ez zuten harrapatu bonbek. Gu aitagaz geunden. Jendeak pentsatu zuen paperak botatzen zebiltzala. Aitak bi nebok etxean hartu, eta koltxoia bota zigun gainera. Irten ginenean, Oletara goazela, berriro agertu ziren. Hirurok sasitzara bota ginen. Ez genekien ama bizirik zegoen ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!