Elkarlanean erreka garbitzeko deia egin du gazte asanbladak

Anboto 2014ko urr. 31a, 14:06

Zapatu goizean Otxandioko Urkila erreka herritarrekin elkarlanean garbitzeko deia egin du gazte asanbladak. 09:00etan ipini dute hitzordua udaletxe pareko plazan.

Hainbat urte dira ekimen hori antolatzen dutela. Zakarrak batzeko plastikozko poltsak eta eskularruak udalak ahalbidetzen ditu, eta ez dago beste ezer eraman beharrik: errekan ibiltzeko botak edo oinetako egokiak bakarrik.

Jende nahiko batzen bada, talde bi osatuko dituzte, eta errekako alde banatatik hasiko dira zakarrak batzen, elkartu arte. Ondoren, 12:00 inguruan, ekimenean parte hartu dutenentzat luntxa egongo da gaztetxean.
Batutako zakar guztiak udaletxe pareko plazan ipiniko dituzte. Horrela, herritarren artean errekak garbi mantentzeko mezua zabaldu gura dute. Domekan, ostera, zakarrak sailkatu, eta dagozkien zakarrontzietara botako dituzte.

Urte hauetan denetarik aurkitu izan dute errekak garbitzen zebiltzala; lantegietako pote handiak, ortuetan erabiltzen diren baldeak, jendeak botatako plastikoak –gozokienak, adibidez–. Inoiz etxetresnaren bat ere aurkitu izan dute errekan, gazte asanbladako kideen esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!