Errementerien sasoiko sukalde bat prestatu dute Otxandion, eta erakusketa osatu dute

Anboto 2014ko urr. 17a, 12:09

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko hainbat herritan antolatutako ondarearen inguruko jardunaldien barruan, Otxandion errementaritza indarrean zegoen sasoiko etxebizitzen sukalde bati buruzko erakusketa antolatu dute. Urriko barikuetan (18:00etatik 20:00etara) eta zapatuetan (12:00etatik 14:00etara) dago ikusgai udaletxeko Alondiga gelan.

XIX. mendera arte Erdi Aroko hiribilduetako etxeen ezagugarri batek iraun zuen Otxandion: bizitza eta lanbidea leku berean garatu izana. Behealdean eskulangileen tailerrak kokatzen ziren, batez ere errementarienak, eta goiko solairuetan etxebizitzak zeuden. Horrela, XIX. mendeko etxebizitza bateko sukalde bat ikusi daiteke erakusketan. Berori osatzeko altzari eta beharrezko osagai asko Urkiolako santutegiko abadetxetik jaso dituzte; norbanako batzuek ere hainbat tresna utzi dizkiete.

Askotariko tresneria
Erakusketa osatzeko ahalik eta tresneria gehien batzen saiatu dira XIX. mendeko ezkaratz bat ahalik eta ondoen islatzeko. Horrela, besteak beste, ohiko mahaiez eta aulkiez gainera, argi ontzia, txokolate ontzia, lisaburdina, ogi-moldea, lapikoak, sehaska, gorua, karburua, arropak eta beste hainbat tresnea eta osagai ikusi daitezke erakusketan. Beheko su bat ere irudikatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!