Orientazio, bizikleta, piragua eta trekking probetan ibiliko dira 60 bikote, Otxandion

Anboto 2014ko urr. 3a, 15:45
Iazko Arratia Raid probako parte-hartzaileak, proba hasi aurretik, ibilbideko mapa aztertzen. Argazkia: Arratia Raid taldea.

Arratia Raid taldeak eta Areatzako Kultur eta Kirol Batzordeak antolatuta, Arratia Raid proba jokatuko dute bihar, Otxandion. Parte-hartzaileek zazpi ordu izango dituzte mendiko bizikletako, trekkingeko eta piraguako tarteetan banatutako ibilbidea osatzeko. Hauspoa ez ezik, orientaziorako gaitasuna ere beharrezkoa da diziplina anitzeko proba honetan.


Guztira, 60 bat bikotek parte hartuko dute. Euskal Herri osoko bikoteez gainera, Errioxako eta Kantabriako batzuk ere etorriko dira.

Raida 10:00etan hasiko da, Otxandion. Lehenengo, orientazio proba bati aurre egin beharko diote bikoteek. Ondoren, mendiko bizikleta hartuko dute; ibilbideko une batean bizikleta albo batera utzi, eta tirolina saio bat izango dute. Gero, berriro bizikleta hartu, eta urtegira arteko bidea egingo dute, aurtengo nobedade nagusienari aurre egiteko: piragua proba. Urtegian 4,5 kilometro arraunean egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Segidan, trekkingaren txanda izango da: “Luzea eta gogorra da, baina oso polita; pagadi eder batetik ibiliko dira”, adierazi du Gaizka Agirre raideko antolatzaileetako batek. Azkenik, bizikleta saio baten ostean, Otxandion helmugaratuko dira.

Ohiko probekin batera, ibilbidean zehar “sorpresa eta proba bereziak” ere aurkituko dituzte bikoteek. Raidaren ostean, bazkaritara batuko dira herriko plazan, eta hainbat opariren zozketa egingo dute.
Arratsaldeko 18:00etan sariak banatuko dituzte irabazleen artean. Aurten, ohiko mailez gainera (gizonak, emakumeak eta mistoa), Arratia-Otxandio izeneko maila bat ere egongo da aukeran. Kategoria horregaz inguruko zaletuak parte hartzera gonbidatu gura dituzte antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!