Ikasleen hezkuntzan parte hartu gura duten boluntario bila dabil Otxandioko eskola

Anboto 2014ko ira. 23a, 11:30
Eskolako ikasle ohiak, ikasleekin opo aurretik egindako saio batean

Otxandioko eskola Ikas Komunitateak izeneko irakaskuntza metodologia egituratzen eta gauzatzen ari da apurka. Metodologia horren muina da herritarrek parte-hartze aktiboa izatea gaztetxoen heziketan. Horretarako bide bat boluntarioekin talde elkarreragileak sortzea da. Urriaren 1etik aurrera  talde horietan matematikak lantzeko saioak hasiko dituzte, eta eskola horiek dinamizatzeko boluntario bila ari dira (otxandiokoeskola@gmail.com).


Saioak Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratuta daude, eta martitzen (09:00-11:00), eguazten (14:45-16:00), eguen (09:00-11:00 eta 14:30-16:00) eta barikuen (09:00-10:30) artean banatuko dituzte. Boluntarioak ikasleekin talde txikietan batuko dira, eta irakasleek prestatutako ariketak dinamizatuko dituzte hamabost minutuko saioetan; ondoren, taldetxoak txandatzen joango dira, ariketa guztiak amaitu arte.  “Talde txikiak direnez, gaztetxoen parte-hartze zuzena ziurtatzen dugu. Ez da esperimentu bat, ikastetxe askotan probatu dute, eta badakidu eraginkorra dela”, dio Iñigo Ramos eskolako zuzendariak.

Ikasleekin hasi aurretik, boluntarioek formakuntza labur bat jasoko dute irakasleen partetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!