Bizikletaz jaitsierak egiteko zirkuitu bat sortu dute Otxandioko gazteek

Anboto 2014ko ira. 14a, 09:30

Otxandioko plazan agertu dira Jon San Vicente (Otxandio, 1997) eta Martin Astigarraga (Otxandio, 1995), euren zaletasuna zein den erakusteko prest. Lehena bizikletagaz, bigarrena ez. Izan ere, duela aste batzuk, lasterketa batean lehiatzen zebilela, jausi egin zen, eta hankan bihurritu bat egin zuen Astigarragak. Mendiko bizikletagaz ibiltzen dira, baina muturreko estilo zail batean: jaitsierak praktikatzen dituzte.

Duela lau bat urte basoan praktikatzeko pista edo zirkuitu bat egokitzen hasi ziren. Arkotxeko mendi magalean daukate euren txokoa, eta harantz abiatu dira kazetariagaz batera. Gazteak izan arren, argi dago iniziatiba daukatela; ez dira geldirik egoteko mutilak.

Zirkuitua egitea zelan okurritu zitzaien azaldu du Astigarragak: “Bizikletan ibiltzeko zaletasuna aspalditik daukagu. Behin hona igo ginen, eta hemen egitea erabaki genuen”. San Vicentek azaldu duenez, txikitatik ibili dira hara eta hona bizikletagaz: “Espaloiak-eta saltatzen hasi ginen. Gutxika-gutxika, azkenean mendian amaitu genuen”. Herrian “akrobaziak” egiten ibiltzen zirenekoa gogoratu du Astigarragak: “Jendeari ez zitzaion asko gustatzen”. Baina, San Vicentek eginiko hausnarketaren arabera, orain normalago ikusten ei dute.

Aurtengo Otxandioko jaietan erakustaldia egin zuten gazte biek. “Pentsatu baino jende gehiago agertu zen”, esan du San Vicentek. Herritarren aurrean praktikatzea zerbait desberdina izan zela aitortzen dute; baina, “hobeto” ei zen. Gustura ibili ziren, beraz.

Abenturazale sena
Mendiko jaitsieretan, abiadura handia hartu ostean jausiz gero, mina ere tamaina berekoa izan ahal da. Arriskutsua dela ezin ukatu. Horregatik, abenturazale sena beharrezkoa da. “Apur bat zoratuta egon behar duzu, baina buruagaz”, esan du barrez Astigarragak. Gainera, hain gazteak izanda –17 urte dauzka San Vicentek eta 19 Astigarragak–, etxekoak konbentzitu behar izan dituzte. San Vicentek kontatu du lehen jarrera ezkorra zutela: “Zer edo zer gertatuko zitzaidala esaten zidaten, baina pare bat bider ikusi naute, eta dagoeneko ondo hartzen dute”.

Lehian ere bai
Aurten hasi dira lasterketetan parte hartzen. Sei proba daude Euskadiko Txapelketan, eta Espainia mailan ere badaude hainbat. Aurten presa barik dabiltza, eta hurrengo urtera begira daude. Legution (Araba) izan zen probetako bat, ia etxean. Ondo ezagutzen dute eremua, eta, beraz, abantaila apur bat bazuten. Baina zorterik ez: “Txarrena da lasterketa egunean txingorra hasi zela, eta bertan behera utzi zutela”, azaldu du Astigarragak.

Hurrengo urtean euren taldea sortu gura dute, baina ez jaitsieretakoa bakarrik, mendiko bizikleta orokorrean ulertuta baizik. Gazteek diotenez, Otxandion badago mendiko bizikletan ibiltzeko zaletasuna.

Eskulanean
Euren eskuekin sortu dute jaitsierak egiteko zirkuitua. Lau bat urte dira Arkotxe magaleko basora lehenengoz etorri zirela, baina lana ez dute modu jarraituan egin. Aste batzuetan egunero igo izan dira beharrera, beste sasoi batzuetan lantzean behin. Goitik behera minutu batean jaisteko moduko pista bat dago. Tarte batean, gainera, bitan zatitzen da, eta ibilbide bi egiteko aukera eskaintzen du. Beherantz joan ahala, hor ikusten dira bihurguneak eta jauziak. Tranpolinen tankerako oholak ezarri dituzte. Paletak, egurrak, lurra... Eskulan itzela nabari da.

Azkenean heldu da praktikarako ordua. Astigarraga min hartuta dagoenez, San Vicente bakarrik igo da bizikletara, eta hor dator aldapan behera: bihurgune bat, bigarrena, eta salto! Airean hegaz, ondo lurreratu da, ezusteko barik. Amaitu ondoren, etxerako ordua da, hurrengo abentura eta adrenalina dosira bueltatu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!