Zapatuan gaztetxearen etorkizuna definituko dute Otxandioko gazteek

Anboto 2014ko ira. 11a, 09:30

Otxandioko gaztetxearen etorkizuneko funtzioei eta funtzionamenduari buruzko hausnarketa eta eztabaiada egingo dute zapatuan herriko gazteek, etorkizunari begirako oinarriak ezartzeko. Gazte asanbladako kideak eta herriko gazteek osatutako hainbat kuadrilla Zelaixeta izeneko txabolan (futbol zelaiaren ondoan) batuko dira egun osoko jardunaldian.

Gaztetxearen bueltan dabilen gazte kopurua jaitsi egin da azken urteetan, gazte asanbladako kideek adierazi dutenez, eta, horretaz gainera, beharrezko ikusten dute gaztetxeari norabide zehatz bat ezarriko dion hausnarketa bideratzea. Horiek horrela, herriko hainbat gazte kuadrillarekin batzartu dira, eta prozesu horren ondorio da zapatuko jardunaldia.

Ezagutza eta konfiantza jolasekin hasiko dute eguna, zapatuan batuko diren gazteak elkar ezagutzen hasteko. Eta, ondoren, lanari ekingo diote. Goizean, gaztetxeak orain arte egindako bidea zein izan den azalduko dute, eta gazte asanblada eta gaztetxea kontzeptuak esanahiz janzten saiatuko dira.

Eguerdiko luntxaren ostean, 13:30 inguruan hasiko dute batzarrik inportanteena bertaratzen direnek: Otxandioko gazte asanbladaren eta gaztetxearen etorkizuna definitzeko batzarra, hain zuzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!