Aitor Ajuria otxandiarra podiumera igo da Kataluniako mendi lasterketan

Anboto 2014ko ira. 8a, 13:07
Aitor Ajuria podiumeko hirugarren koskan.

Atzo gazte mailako Salomon Trail zirkuituko azken proba lehiatu zuten Katalunian. Aitor Ajuria hirugarren sailkatu zen.

 

Aitor Ajuria (16 urte, Otxandio) mendi lasterketen munduan etorkizun oparoa izan dezakeela erakusten ari da aurten. Atzo hirugarren sailkatu eta podiumera igo zen Kataluniako Berga herrian antolatutako 15 kilometroko mendi lasterketan. Lasterketa hori Salomon Junior Trail-eko hirugarren eta azkenengo proba izan zen. Aurreko proba Zegama-Aizkorrin antolatu zuten (10 km izan zituen, Bergakoak baino 5 gutxiago) eta Ajuria bigarren sailkatu zen. Hori gutxi balitz, ekainean Eskoriatzako Gabez Tarraka mendi lasterketa irabazi zuen bere mailan.

Atzoko probako 15 kilometroak 1.28.45eko denboran osatu zituen. Bere aurretik kataluniar gazte bi sailkatu ziren: Jarn Margarit Solé (1.18.49) eta Marc Traserra (1.23.56). Biak Ajuria baino urtebete nagusiagoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!