Eraberritzen hasi aurretik arkeologia azterketak egiten ari dira Otxandioko plazan

Anboto 2014ko abu. 28a, 09:10

Abuztuan hasi dute udaletxe pareko plaza eraberritzeko prozesua. Lehen fasean, iturriaren ondotik hasi eta pilotalekuaren aurreko alderaino dagoen eremua eraberritu gura dute. Baina horretan hasi aurretik, gune horretako balio arkeologikoa zein den jakiteko azterketa bat egiten ari da Iñaki Pereda arkeologoak gidatutako talde bat.

Iturriaren ondoan dagoen gune batean arrasto arkeologikoak aurkitu dituzte, eta baliteke antzinako eraikin batenak izatea; beraz, han hasi dituzte indusketak, baina oraindik ondorioak ateratzeko goizegi dela dio Peredak: “Aurkitu ditugun arrastoak baloratzen ari gara. Oraindik ezin daiteke seguru ezer esan. Eremuak arkeologikoki emankorra ematen du, baina oraindik goizegi da ezer berresteko. Indusketek aurrera egin ahala jakingo dugu zehatzago benetan zer dagoen gune horretan”. Beraz, momentuz hipotesi bat bakarrik da.

Gune horretan balio arkeologikoa duen zerbait egon daitekeela uste izateko zantzuak aspaldikoak dira. 2001ean Otxandioko herrigune osoan zehar ikerketa historiko-arkeologiko bat gauzatu zuten zortzi gunetan; horietako bi plazan izan ziren, eta azterketa horiek erakutsi zuten gune horretan zerbait egon daitekeela. Arkeologia lanak hasi aurretik abuztuan egindako georradar azterketak ere zantzu horiek indartu ditu, baina Peredak argi utzi gura du “momentuz zantzuak bakarrik” direla.

Indusketa lanek hiru hilabete iraungo dute. Ondoren, elementu guztiak baloratuko dituzte, txosten bat egingo dute, eta Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko dute, bertan aztertu dezaten.

Bitartean, eraberritze lan batzuk aurreratzen ari da udala ahal duen heinean. Esaterako, gune horretan zeuden harrizko eserlekuak inguru horretatik atera, eta eurak eraberritzeko lanak hargin bati esleitu dizkiote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!