Garapen eredu berrirako bidean, proiektu zehatzak diseinatzen hasiko da Herri-ola

Anboto 2014ko uzt. 18a, 09:05
Maiatzean egindako herrigintza tailerreko une bat; batzar horretatik etorkizunera begirako hamar ekintza zehatz irten ziren.

Herri-ola Otxandioren etorkizuna eraikitzeko herri egitasmoa da. Garapen eredu berri baterako trantsizioan, norabidea zehaztea eta bide horretan sakontzea helburu duen egitasmoa. Herrigintza eta komunitate sentimendua oinarri hartuta, azken urtebetean garatu den gogoeta prozesuak garapen eredu berri horretarako iparrak zehaztu ditu. Orain, “salto berri bat emateko ordua” heldu dela diote prozesuko partaideek.

Uztailaren 25ean, 22:00etan, Herri-olaren inguruan Andikona plazan egingo den ekitaldiak horixe du helburu: orain arteko bideari errepasoa egitea eta Herri-olak hasiko duen bide berriari atea irekitzea.

Lehenengo, musikak lagundutako irudien bidez, orain arte egindako bidea laburbiltzen duen bideo bat eskainiko dute. Ondoren, herritar talde baten sormenetik jaiotako Bagara eta bagoaz film laburra estreinatuko dute; estreinaldi horretan Unai Iturriaga bertsolaria eta Ander Lipus aktorea egongo dira, besteak beste. Ekitaldiko azken osagaia aurrera begirako mezua izango da; ekintza zehatzak errealitatera eramateko hastear den prozesua izango dute berbagai.

Bizitza kalitatea helburu
“Etengabeko garapen ereduak eragin duen gaur egungo krisia da” Herri-ola egitasmoaren abiapuntua. Baina ez krisi ekonomikoa bakarrik, “krisi hari desberdinak lotzen” direla uste dute Herri-olako kideek: krisi ekologikoa eta energetikoa, beste hainbaten artean. “Aro berri baten aurrean gaude”, azaldu dutenez, eta argi dute zein den helmuga: bizi-kalitatea oinarri duen Otxandio eraikitzea. Herri-ola egitasmoaren barruan, eraldatze prozesu horren zama herriko eragile guztiena dela uste dute: gizarte zibilarena, udalarena eta eragile ekonomikoena.

Orain sei urte hasi zen prozesua da Herri-ola, eta azken urtean urrats asko eta zehatzak eman ditu. Elkartasuna, iraunkortasuna, parte-hartzea eta euskalduntasuna kontzeptuek osatutako esparruaren barruan, herriaren hezurdura osatzen duten ildo estrategikoak eztabaiadatu, eta helburu berrietara egokitu dituzte; prozesu horretatik hamar proiektu estrategiko irten dira, eta datozen urte bietan proiektu horiek gorpuzten ahaleginduko dira. Bide hori zelan egin erabaki behar dute orain. Ekintza bakoitzaren ardurak eramateko batzordeak sortuko diren, edota aurrerantzean Herri-olak zer egitura juridiko izan beharko lukeen, besteak beste.  

Era berean, herri garapenerako aholkularitza zerbitzu bat kontratatuko dute, ardura zehaztuekin, garapen sozioekonomikoari arreta berezia ipiniko diona.

10 PROIEKTU BIDEAN AURRERA EGITEKO

1. Lehen eta hirugarren sektoreetan enplegua sortzeko estrategia diseinatu eta garatu.

2. Bigarren sektorea: gune industrialaren garapenerako proposamen estrategia landu.

3. Biomasaren ustiapenerako ekimen ekonomikoen inguruko bideragarritasun azterketa amaitu eta datuak gizarteratu.

4. Biogasa sortzeko eta kontsumitzeko proiektua fase erabakitzailera eraman.

5. Araztegi berriko proiektua fase erabakitzailera eroan.

6. Birziklatze tasak hobetzeko proiektua diseinatu eta gauzatu.

7. Herriko kirol eskaintza antolatzeko proposamena diseinatu eta gauzatu.

8. Curriculum lokala diseinatu, herria eskolara eta eskola herrira hurbilduta.

9. Nagusi prozesuaren barruan zaintzaileen topagunea martxan jarri.

10. Jubilatuen elkartea biziberritzeko programa diseinatu eta martxan ipini.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!