Gure Esku Dago, Otxandioko pregoilari: "Herrira zabaltzen jarraitu eta ekarpenak jaso gura ditugu"

Anboto 2014ko uzt. 17a, 09:27
Itxaso Lopez eta Onintze Lopez de Letona udaletxe pareko plazan

Gaur, Otxandioko Gure Esku Dago dinamikako lagunek botako dute Santa Maña jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Pozik daude dinamikak herrian jaso duen harreragaz, eta, aurrera begira, erabakitzeko eskubidearen aldeko pedagogia lana egiten jarraituko dute.


Noiz esan zizueten txupina botatzeko ardura izango zenutela?
Itxaso López: Ni Jai Batzordean ere banabil, eta han erabaki zen. Beste talde bat genuen buruan, txupina bota zezan, baina ezetz esan zuen, eta orduan Gure Esku Dago proposatu, eta denon adostasuna izan zuen.

Itxaso, zeu izan zinen taldeari jakinarazteko arduraduna?
I.L.: Bai, lehenengo, ea horren ardura hartzeko prest geunden galdetu nien taldekideei, eta denek baietz esan zuten.
Onintze López de Letona: Herriko jaietan txupinazoa botatzeko aukera izan, eta zelan esan ezetz horrelako proposamen bati?
I.L.: Gainera, merezi dugu, lan handia egon da Gure Esku Dago dinamikaren atzean.

Zer esango duzue pregoian?
O.L.L.: Ez da luzea izango, zer edo zer arina izango da.

Zelan joan da Gure Esku Dago dinamika Otxandion?
I.L.: Giza katea izan baino hiru-lau hilabete lehenago hasi ginen dinamika Otxandion sustatzen. Herritik oso erantzun ona jaso dugu. Batez ere azkenengo asteetan pilo bat metro eta kamiseta saldu genituen. Guk Durangon genuen gure kilometroa. Hasieran autoz joatea zen plana, baina azkenean autobusez joatea aproposagoa zela erabaki genuen, eta aldaketa horri ere oso ondo erantzun zion jendeak. Alde horretatik oso pozik gaude.

Joera ideologiko desberdinetako jendea batzea lortu duzue.
I.L.: Bai. Nire ustez, jendeak ikusi du dinamikan sartuta genbiltzanok kuadrilla eta ideologia askotakoak garela, eta horrek konfiantza sortu duela.
O.L.L.: Herri txikia izatera, ahoz ahokoak ere ondo funtzionatu du. Gainera, askotan irten gara kalera; giza katearen aurreko hilean astebururo geunden plazan. Herritarrengana hurreratzen saiatu gara.
I.L.: Nik neuk espero ez nuen jendea hurreratu da, baina egia da oraindik badagoela sektore bat herrian, momentuz, ez dena dinamikan sartu. Baina, dinamikak aurrera jarraitzen duenez, asmoa da pedagogia lan hori egiten jarraitzea ahalik esparru zabalenean.

Zer oroitzapen utzi zizuen ekainaren 8ko giza kateak?
O.L.L.: Oso giro ona egon zen. Gure kilometroan 2.000 bat lagun izan ziren, 300dik gora otxandiarrak. Gure ardura 50 lagun batzea zela jakinda, oso pozik gaude.
I.L.: Giza katea egin zen unea hunkigarria izan zen denontzat.

Sarritan aipatu izan da giza katea abiapuntua bakarrik izan zela. Aurrera begira zer?
O.L.L.: Gure taldekide bat Arrasateko batzar orokorrean izan zen, eta ideia nagusia da ez dagoela ezer erabakita. Orria zuri dago, eta denon artean egituratu behar ditugu etorkizunera begirako ildoak. Gure asmoa da herrira ahalik gehien zabaltzea, eta ekarpenak jasotzea.

Zelan bizi dituzue Santa Maña jaiak?
O.L.L.: Txupinazoa jaurtitzen den eguna oso polita da, ume askok hartzen dute parte danborradan. Bonbardaketaren inguruan Andikona plazan egiten den oroimen ekitaldia ere polita da. San Martin eguna ere gustatzen zait, kuadrilla guztietako lagunek San Martin ermitaren ondoan bazkaltzen dutelako.
I.L.: Egia esan, ni egunez baino gauez ibiltzen naiz jaietan [barrez]. Baina, Onintzek aipatu dituen guztiez gainera, Limonada Eguna ere oso ondo egoten da.
O.L.L.: Beti egoten da giro ona. Gasteiztik, Durangotik, Arrasatetik, Aramaiotik… etortzen da jendea. Egitaraua zabala da,  guztion gustuetara egokitzen diren ekimenak daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!