Otxandiarrek sortutako 'Bagara eta bagoaz' filma estreinatuko dute uztailaren 25ean

Anboto 2014ko uzt. 18a, 09:00

Datorren barikuan 22:00etan estreinatuko dute urtetan Otxandion egindako herrigintza lana eskertzeko sortu duten filma. Herritar talde baten sormenetik jaiotako gidoian oinarriturikoa da Bagara eta bagoaz film laburra. Urte batzuk lehenago amamagaz Otxandion zehar egindako ibilaldia gogoratzen du film horretan ilobak: herriaren etorkizunari buruzko bere gogoetan amamak kontatu ziona oso presente dauka ilobak.

 

Dolores Uribe, Naroa Basalo eta Maialen Arrinda dira Bagara eta bagoaz filmean aktore lanetan dihardutenak, eta Igor Ortega, Joseba Azkarraga eta Miren Aranguren ere agertzen dira bertan. Jone Gonzalez de Audikana da narratzailea.

Filma ekoizteko elkarlanean jardun diren herritarrek, eta, besteak beste, Unai Iturriaga eta Beñat Ugartetxea bertsolariek, eta Ander Lipus aktoreak ere parte hartuko dute filma estreinatzeko uztailaren 25erako antolatu duten ekitaldian.

Egileen berbetan, bi helburugaz sortu dute Bagara eta bagoaz: batetik, urte luzetan Otxandion egin den herrigintza lana omendu gura dute, eta, bestetik, XXI. mendeko erronkei begira jarri nahi dute.
Herri-ola parte-hartze prozesua garatzeko izandako helburu berberekin jardun dira otxandiarrak Bagara eta bagoaz ekoizten: “Otxandiok komunitate trinkoa dela erakutsi du urte luzetan; herrigintza dinamika emankorra mantenduta”, azpimarratu dute egileek: “Honaino ekarri gaituen komunitate sentimendua birsortzea, indartzea” da helburua.

Gogoeta prozesua garatu dute azken urte eta erdian, Herri-ola ekimenaren barruan, eta, Pello Otxandiano partaideak azaldu duenez, ondorio asko atera dira prozesu horretatik. Datozen bi urteetan Otxandion garatu beharreko hamar proiektu estrategikoak zehaztu dituzte, esaterako, eta uztailaren 25ean aurkeztuko dituzte horiek ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!