Hizkuntza-politiketako "esku-hartzeak" salatu dituzte Otxandion

Anboto 2014ko api. 10a, 10:11
"Estatuen esku-hartzea gelditu" lelopean elkarretaratzea egin dute Otxandion, eta Euskal Herriko beste hamaika herritan. Udaletako hizkuntza irizpideen kontra Carlos Urkijok egindako salaketak gaitzetsi dituzte: "Gure etxean zer eta nola egin behar dugun ez digute kanpotik esan behar".

 

Eskuak margotuta eta gelditzeko keinua eginez egin dute elkarretaratzea. Kontseiluak deituta, euskararen aldeko neurrien kontrako "ofentsiba" eteteko eskatu gura izan dute Otxandion, eta Euskal Herriko beste hamaika herritan: "Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe", azaldu dute elkarretaratzean irakurritako testuagaz.

Durangaldean, Otxandio, Zaldibar, Mallabia, Mañaria eta Izurtzako udalek jaso dituzte Urkijoren errekerimenduak. Estatu espainiarreko ordezkariak, guztira 61 udalei bidali die hizkuntza-irizpideekin lotutako edozein erabaki jakinaratzeko agindua, eta hainbat udali indarrean dauzkaten euskara planak bidaltzeko eskatu diete. Gipuzkoako Foru Aldundiari salaketa ipini dio baita, kontratazioetan hizkuntza-irizpideak jartzeagatik.

Kontzentrazioko testuan azaldu dutenez, "udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira". Euskalgintzaren izenean, hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko pausuak ematen dituztenei babesa emango dietela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!