Katastroa eguneratuta, aurreikusitakoa baino 115.000 gehiago jaso ditu udalak zergetan

Anboto 2014ko mar. 3a, 08:31
2013ko likidazioa egin ostean, 239.536 euroko soberakin positiboa du udalak. Soberakin horren erdia, 115.00 euro, katastroa eguneratu ondoren Ondasun Higiezinen Zergaren bidez jaso ditu. Udal arduradunen esanetan, egoera “ezinhobe” horrek bultzada berria eman diezaieke diru-laguntzen mende zeuden proiektuei, plaza eraberritzeko lehen faseari, esaterako.

 

Otxandioko Udaletik jakinarazi dutenez, 2013ari dagozkion diru kontuak aste honetan itxi dituzte eta 239.536 euroko soberakin positiboa du udalak. Emaitza positibo horren arrazoi nagusia katastroa eguneratzen egindako “ahalegin sendoa da” udal arduradunen esanetan. Herriko etxebizitza batzuk (batez ere, eraikin zaharrenetakoak) gaur egungo katastroen balioetara ekartzen aritu da udala eta altan eman barik zeuden ondasunak altan emateko tramiteak egiten. Lan hori Bizkaiko Fori Aldundiadaz elkarlanean egin behar zuten, baina “urteetan lan honek pilatu duen atzerapena eta honek udalaren ohiko sarreretan zuen eragina ikusita” udalak berak hartu du eguneratze hori egiteko ardura. Horrela, lan hori egin ostean, OHZ-n (Ondasun Higiezinen gaineko Zergan) aurreikusitakoa baino 115.000 euro gehiago batu dute.

 

Iaz ere emaitza positiboa izan zuten udalean, baina aurtengoan abantaila handi bat dute iazko egoeragaz alderatuta: “Udalaren gaur egungo zorpetze txikia dela-eta, soberakin hori ez dago kredituak kitatzera bideratu beharrik eta 2014an behar denerako erabilgarri izango dira”. Honek, aurtengo ekitaldiari begira, udala “egoera ezinhobean” uzten du eta aurrekontuetan jaso arren beste erakundeetako diru-laguntzen mende zeuden proiektuak aurten gauzatu edo ez erabakitzerako orduan “autonimia gehiagoz” jokatzeko moduan eskaintzen dio udalari:  “Aukera gehiago izango ditugu inbertsio horiek gauzatzeko”. Proiektu bi daude aurten jaso beharreko diru-laguntzen mende: plaza eraberritzeko lehen fasea eta eskolan zein frontoian biomasa galdara jartzeko proiektua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!