"Bandera espainola ikur arrotza da otxandiarren gehiengoaren begietara"

Anboto 2014ko ots. 14a, 14:18
Espainiako bandera udaletxeko balkoian ipini eta gutxira, mozioa onartu du Otxandioko udalbatzak. Testuan azaldu dutenez, bandera "espainiartasuna indarrez ezartzeko ahalegina" da.

Mozioan nabarmendu dutenez, otxandiarren gehiengoa ez da bandera espainolagaz identifikatuta sentitzen: "ikur arrotza da herritarren gehiengoaren begietara". Espainiako arazoa demokrazia eza dela kritikatu dute testuan: "estatu demokratiko batek gehiengo hori errespetatuko luke, besterik gabe, naturala delako, normala delako".

XXI.mendean Espainia "kultura politiko atzerakoia" izaten dabilela salatu dute: "Kultur-adierazpide minorizatuak balioan jarri eta sustatu ordez, kultur homogenizazioa; eta erabakimen eta auto-gobernantzako tesnak arautu ordez, zentralizazioa. Horixe Espainiaren eskaintza gure herriarentzat".

Etorkizunari "baikortasunez" begiratzeko mezua zabaldu gura izan dute mozioagaz. Erabakitzeko eskubidearen aldarria egin dute: "Herri gisa antolatu behar gara horretarako, alderdi-interesen gainetik, gizarte zibilaren parte hartze aktiboa bilatuz, Euskal Herriari etorkizun libre eta demokratiko bat esakintzeko helburuz".

Mozioa gobernu taldearen botoekin onartu dute. EAJ abstenitu egin da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!