Udaletxean Espainiako bandera ipintzeko agindua salatzeko ekimenak prestatu dituzte

Anboto 2014ko urt. 30a, 12:00
Herriaren nahia errespetatzen ez duen inposaketa bat dela aldarrikatzeko, gaia gizarteratzen dabil herritar talde bat; ekimen nagusia otsailaren 9an egingo dute

 

Auzitegiaren epeiaren arabera, otsailaren 10a da udaletxearen kanpoaldean eta barrualdean Espainiako bandera ipintzeko azken eguna. Agindua bete ezik, udala eta alkatea isunez zein inhabilitazioz zigortuko dituztela jakinarazi diete. Egoera horren aurrean, herritar talde bat batu egin da gaia kalera ateratzeko, euren ustez ez delako herriaren borondatea errespetatu, eta inposaketa bat delako.

Azken hilabeteko asteburuetan hainbat ekimen egin dituzte eta asteburu honetan ere egingo dituzte. Bariku arratsaldean eta domeka eguerdiko poteoan herritarrei inposaketaren kontrako kartelak eramatea proposatuko diete. Era berean, asteburuan, informazio panelak ipiniko dituzte Artekalen, agindua ez betetzeak zer ondorio ekar ditzakeen azaltzeko.

Ekimen nagusia otsailaren 9 goizean egingo dute. Udaletxeko arkupean plaka bat ipiniko dute, herriaren borondatea ez dela errespetatu gogoratuko duena. Ondoren, herriko elkarte askok ekimenagaz bat egingo dute: euskal nortasuna aldarrikatu eta bere ofizialtasuna lortzeko arloz arlo dauden zailtasunak plazaratuko dituzte. Esaterako, Vulcano futbol taldeak euskal selekzioa aldarrikatuko du. Gainera, barikutik domekara balkoietan ikurrina ipintzeko deia egin dute. Ez duenak Kementsu elkartean lortu ditzake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!