Kirikiñoren lana azalduko dute, bere jaiotzatik 150 urtera

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2016ko urr. 26a, 09:25
Kirikiño omentzeko monumentua dago Mañarian.

Ebaristo Bustintza Kirikiño idazle mañariarra jaio zenetik 150 urte bete dira gaur. Hori dela eta, berbaldi bat antolatu dute udalak eta Gerediaga elkarteak, bihar burutuko dena Errose Bustintza kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Xabier Altzibar EHUko irakasle eta ikerlaria, eta Eneko Bidegain Mondragon unibertsitateko irakaslea eta idazlea izango dira Kirikiñoren berri emango dutenak.

Idazlea izateaz gainera, kazetaria ere bazen Kirikiño, eta hain zuzen ere, bigarren ezaugarri horren inguruan berba egingo dute Altzibarrek eta Bidegainek. Lehen Mundu Gerrako kronikari edo kontalari izan zen mañariarra. “Kanpoan ez ezik, hemen sortarazitako egoera kontatzen zuen, ikuspegi abertzale eta ekonomikotik”, azaldu dute Gerediagakoek.

Ezohiko idazlea
Herriko jendearen esakera eta berbak erabiltzen zituen Kirikiñok bere idazlanetan, eta horrek irakurleekiko hurbiltasuna eman zion. Ezohikoa zen, gainerako idazleekin alderatuz gero.
Horiek eta beste hainbat istorio kontatuko ditu Altzibarrek, Mañariko kronistaren inguruan azterketa egina baitu. Bidegainek, ostera, Mundu Gerran Euskal Herrian zegoen egoeraz berba egingo du.

Andrearen gutuna
Bestalde, idazlearen emazte Basilia Bustintzak Gerediaga elkarteari bidalitako gutun bat ezagutaraziko da ekitaldian. 1966an herrian egindako omenaldian parte hartu zuen Gerediagak, eta horretarako idatzi zuen gutuna Kirikiñoren andreak, bere gizonaz berba egiten zuena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!