Jai mexikarra, paella txapelketa eta Urdangarinen musika jaietan

Anboto 2016ko abu. 12a, 10:00

Jaiekin gozatzeko eskaintza zabala antolatu dute jai batzordetik. Esaterako, Mañaritik Mexikora bidaiatuko dute, herritik irten beharrik gabe. Aurten, abuztuaren 16an mozorrotzeko, herrialde eta kultura horixe aukeratu dute, eta horren inguruan hainbat ekintza prestatu dituzte.

Jai batzordeak galdeketa bat egin du herritarren artean mozorrotzeko gaia aukeratzeko, eta Mexiko izan da botorik gehien jaso dituena. 19:00etan hasiko da jaia plazan. Txosnan musika  eta janari mexikarra izango dira protagonista. Bitartean, Mexikon tradizioa duten hainbat jokotan parte hartzeko aukera egongo da. Oro har, egunean zeharreko ekitaldi denetara mozorrotuta joateko deia egin du jai batzordeak; esaterako, 12:00etan hasiko den paella txapelketara. Jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa izaten da. Iaz 300 bat lagun batu ziren txapelketaren bueltan.

Musika kontzertuak dira jaietako beste osagai inportanteetako bat. Esaterako, Mikel Urdangarinen kontzertuagaz agurtuko dute abuztuaren 15eko gaua. Jaiei ongietorria emateko, aldiz, Skakeitan, Hesian eta Joxe Replay taldeak ekarriko dituzte abuztuaren 13an. Hurrengo egunean The Potes eta Las Tea Party-ren txanda izango da, eta abuztuaren 16an, jaietako azken egunean, Joxpa taldearena.

Zumba solidarioa
Abuztuaren 14ko zumba maratoia helburu solidario batekin lotu dute aurten ere. Iazko moduan, Angelman sindromendunen elkarteak postu bat jarriko du plazan, gaixotasuna ezagutara emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!