Aitziber Areitio: "Ez nuen nire burua bakarrik bidaiatzen ikusten, eta begira!"

Anboto 2016ko ots. 13a, 11:30

Bidaiatzeko urte sabatikoa hartu du Aitziber Areitio Iriondok (Mañaria, 1991). Bolivia, Brasil, Venezuela, Kolonbia... igarota, Nikaraguan aurkitu dugu epe laburreko boluntariotzan. Andramaritan etxean egongo dela esan digu.

Mañaritik Hego Amerikara. Zerk erakarrita?
Aspalditik nuen buruan halako bidaia bat egitea, baina beti eman dit ‘beldurra’ bakarrik bidaiatzeak. Otsailean lagun bat etorri zen hona, eta nire momentua zela ohartu nintzen. Gauza berriak ikasteko gogoa nuen, eta bakarrik bidaiatzen ikasi nahi nuen. Lortu dudala esan nezake, horrela bidaiatzen hasi naiz-eta.

Mañariagaz aldea!
Ederra gainera! Hemengo herririk txikienak 50.000 biztanle baino gehiago ditu! Non geratzen da 500 biztanleko nire herritxoa! (barrez). Jendea, aldiz, gertukoagoa delakoan nago. Denek agurtzen zaituzte eta, egunero, irribarre bat oparitu. Zein polita den sentsazio hori! Gainera, denak laguntzeko prest. Duten ‘sabrosura’ hori izango da. (barrez)

Non harrapatu zaitugu?
Nikaraguan sartu berri. Bolivia, Brasil,Venezuela eta Kolonbian egon ondoren, Erdialdeko Amerikara heldu naiz. Orain zazpi urte paraje honetan ibilitako lagun bati esker, bertako bihotz handiko familia baten etxean nago. Hezkuntza bereziko eguneko zentro batean hasi naiz boluntario.

Zein da zure lana?
Ortua egin behar da: instalazioak jarri, egurrezko hesi bat egin, jarriko diren fruta-arboletarako egitura txikiak egin... Proiektu polita da, eta laguntzeko gogo handia dut. Pozik hartu dut aukera hau!

Ondo doa urte sabatikoa?
Urte sabatiko bat txarto badoa, seinale txarra! Udan ‘nik lan eta hik jai’ izatetik, ni jai izatera pasa naiz. Eta, ez doa batere txarto! Beste erritmo batean bizi dira, bizitzeko beste modu bat dute. ‘Ahorita’ ospetsua dute beti ahotan! (barrez). Bost minutu edo ordubete izan daiteke! Estresatzeak balio ez duenez, euren erara bizitzen ikasten duzu. Lasai asko!

Bolivia, Amazonia, Venezuela bisitatu dituzu. Bakoitzetik zer ekarriko zenuke motxilan?
Zaila da aukeratzea... denek dute dena! Behin hasita, momentuak sartuko nituzke motxilan: Bolivian, andra batek bere etxe txikian hartu gintuenekoa; gure amama bailitzan, Che-ri buruzko oroitzapen eta istorioak kontatu bitartean loak hartu genuen. Brasilen, Amazoniara sartu eta bi egun kanoan pasa ondoren, oihan erdian komunitate batean bizi izan ginenekoa.Venezuelan, munduko mendirik zaharrena igotzen izandako sentsazioa. Leku oso magikoa da indigenentzat, eta horrela sentitu genuen guk ere beraiei esker.

Bidaia laguna ere baduzu...
Bakoitzak bere bidea hartu du orain. Baina, ez du esan nahi berriz batuko ez garenik! Berak eman dit mundua ezagutzeko aukera hau. Ez nuen nire burua bakarrik bidaiatzen ikusten, eta begira! Asko erakutsi dit eta asko eskertzen diot.

Zuen esperientzien atari duzue youtube.
Guretzako egunerokoa egiteko, oroitzapenak betirako gordeko dituzten bideoak sortu nituen. Eta, arrakasta izan dute! Erantzuna ikusita, emozionatu eta zorakeria handiagoak egin genituen. Zain daude asko... baina, sentitzen dut esatea Kolonbiakorik ez dela egongo. Erdialdeko Amerikakoari itxaron beharko diote! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!