Bego Caballero: "Mañarian hainbat gauza ditugu erakusteko, baina, ustiatu gabe"

Anboto 2016ko ots. 6a, 10:00

Premia eta baliabideen arabera gauzatuko den Turismoa Garatzeko Proiektua onartu du Mañariko Udalak. Hontza Museoa Fundazioko langile Bego Caballerok turismoa erakartzeko hainbat proposamen batu ditu proiektuan .

Zertan datza Mañariko Garapenerako Turismo Proiektua?
Mañaria inguruagatik da ezaguna, batez ere; naturaz inguratuta dago. Mendira doazenak hurbiltzen dira, baina, ostera egin, eta joan egiten dira, herrian geratu gabe. Hainbat gauza ditugu erakusteko, baina, ustiatu gabe. Herrira turismoa erakarri, eta ezagutzera emateko momentua dela ikusi du udalak. Horretarako, turismo plan bat eskatu diote Hontza Museoa Fundazioari.

Mañaria ezagutaraztea da, beraz, helburu nagusia?
Herriaren izena zabaltzea eta ezagutzera ematea, horixe da helburu nagusia.

Etorritako bisitari horiek herrian geratzea lortu gura duzue?
Badaude herria plazara mugatzen dela uste dutenak; herriaren izena ere ez dutenak ezagutzen. Urkiola aipatuz kokatzen dute Mañaria. Harrobietako biribilgunetik Urkiolarako biribilgunera da herria askorentzat. Egunerokoan, herrigunean ez dago giro handirik; baserrietan, auzoetan, dago mugimendua. Hala ere, asteburuan, mendira ostera egitera datozenak ere ez dira geratzen, ez dutelako eskaintzarik. Zer ikusi edo zer egin badagoen arren, ez dago behar bezala bideratuta: ez dago turismo bulegorik, informazio punturik. Zelan jakin dute, orduan, Mañariko elizan Bizkaiko barroko estiloko organorik handiena dagoela? Ostalaritza da indartu beharreko beste puntu garrantzitsu bat.

Turismoari begira premiazkoa?
Bazkaria, ogitartekoak edo pintxoak eskaini ezean, datozen horiek kafetxoa hartu, eta badoaz. Eskaintza gastronomiko bat eman behar da, eta turismoari begira, herriko interes puntuak batu eta informazioa zabaldu. Horretarako, beharrezkoa da informazio puntu bat. Hori guztia bideratzeko, Hontza Museoa izan daiteke aproposa. Urtebete pasatxo da zabaldu zela, eta nabari da mugimendua; 3.000 lagunek bisitatu dute. Jendea erakarri du. Zergaitik ez aprobetxatu hori herriko beste interesguneak ere erakusteko.

Bisitarientzat ezezagunak eta erakargarriak diren hainbat baliabide ditu Mañariak?
Bai, hainbat! Askondoko koban aurkitutako paleolito garaiko horma irudiak, marmolezko harrobi zaharrak, Bizkaiko barroko estiloko organorik handiena zentral hidroelektrikoa, bertako fauna eta flora, ibilbide magikoa, ermitak... herriko historia ere hor dago: Evaristo Bustintza ‘Kirikiño’ eta Errose Bustintza idazle ezagunak jaio ziren hemen; harginen herria izan omen zen hau, eta, Mañaritik eroandakoak dira Madrilgo errege-etxeko marmolezko 20 zutabeak. Gerediagak eratutako ondare jardunaldietan ere ostatua izandako Galtzada baserria ikusteko aukera eman zen, eta harrituta geratu ziren ikusitakoagaz.

Zein proposamen jaso dituzu ?
Besteak beste, Iturrieta ingurua egokitu, eta merenderoak jartzea, hainbat hormatan herriko historia irudikatzea, eta herri barruan askotariko bisitarientzat ibilbide erraz bat sortzea —adibidez, fauna eta flora identifikatuta­—. Baita Mañaria, Izurtza eta Durango lotuko lituzkeen bidegorri bat, eta Urkuletako putzua eta ingurua berreskuratzea ere; eta gereziondoak landatzea.

Gereziondoak?
Oso ezaguna zen Mañaria gereziengatik. Asko etortzen ziren gereziak erostera, eta izen hori berreskuratzea ondo legoke.

Bisita gidatuak egitea ere proposatu duzue.
Mendi ibilbideen inguruko informazioa eskaintzea eta hainbat bisita gidatu egitea ere planteatu da, bai —kobak, ermitak, ibilbide mitologikoa, zerrategia, Etxaburu dorrea, zentral hidroelektrikoa, eliza... —; baita Galtzadako baserrian zegoen ostatua berreskuratzea ere. Pakete turistikoak eskaintzea da ideia, baina, prestatu egin behar da herria. Turismoa kudeatzeko-eta informazio puntu egokia izan daiteke Hontza Museoa Fundazioa. Webgune eguneratu eta garbia, eta, ostalaritzaren inplikazioa ere ezinbestekoa da.

Autokarabanentzako gunea sortzea ere proposatu duzue?
Bai, ur zikinak botatzeko eremu bat sortzeko proposamena bota zuten herritar batzuek, eta begi onez ikusi da. Herriaren sarrera eta irteerak seinaleztatzea garrantzitsua dela deritzogu.

Premia zegoen horrelako turismo plan bat garatzeko?  
Bai. Adibidez, Urkiola landa garapena elkartearen bidez eman da Mañariari buruzko informazioa. Baina, azaleko informazioa izan da, herri txikia delako eta ez duelako hori guztia gestionatzeko figura bat. Udalak beti izan du gaia gogoan, baina, egia da bestelako lehentasunak egon direla. Momentua heldu da.

Urkiolako parke naturala da Mañariaren ‘helbide-txartela’?
Harrobiek kalte handia egin dute, eta askorentzat Mañaria herrigunera mugatzen da. Baina, alboetara, auzoak, mendia, ibilbideak, errekak... daude. Hontza Museoa izan da turismoagaz lotutako pauso hau emateko bidea zabaldu duena.

Luzera begirako proiektua da.
Bai, eta premia eta aurrekontuen arabera gauzatuko da. Ideiak jasota daude, eta herriari bultzada eman behar zaiola argi izanda, ahal den neurrian, gauzatuko direla uste du udalak.

Herriaren garapenean eragina izango du?
Herri moduan garatu gura bada, beharrezkoa da. Ahalegina egin beharko da, eta oreka bat lortu, herriaren izaera galdu gabe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!