Ekain Etxanobe: "50 euroko hiru billete dedikatu ditut, balioa hirukoiztuko dela-eta"

Anboto 2015ko urr. 11a, 10:00

Probatzera eta telebista mundua ezagutzera animatu zen Ekain ‘Yo al Norte y Tu al Sur’ saioan parte hartzera. Urkulerdi baserrian jaioa, Lekeition bizi da orain; seme jaioberria du. Industria horniduran lan egiten du, Abadiñon. Emandako aukera aprobetxatu du.

Zelakoa izan da esperientzia?
Esperientzia moduan, ona, baina gogorra ere bai. Jende berria ezagutu dut, eta ondo moldatu gara ­—oraindik ere badugu hartu-emana—, baina, uste nuen samurragoa izango zela: kilometro asko egin ditugu, beroa, lo gutxi... horrek guztiak eragin handia du. Baina, gustura ibili naiz, eta ez naiz ezertaz damutzen.

Kalean bizi eta lan egin arren, baserria daroazu odolean.
Bai, Lekeition lo egiten dut, Abadiñon lan, eta gero, baserrira etortzen naiz; asteburuan ere bai: ardiak, ahuntzak, behiak... ditugu.

Horretan ikusi zaitugu telebistan?
Ahal duguna egin dugu! Ardi edo ahuntz talde baten aurrean, jakin dut zer egin. Baina, zezen plazan, txarto!

Zein izan duzue egunerokoa?
07:00 inguruan jaiki, eta, gosaldu ondoren, autobusean joaten ginen probak egin beharreko lekuetara (Granada, Sevilla, Jaen...). Sentsazioak komentatu, eta eguna bukatu orduko, hiru jakintsuak etortzen ziren baloraziorako. Gauerdi bueltan heltzen ginen etxera.

Ezagutu duzu Andaluzia?
Apur bat bai. Hori bai, itzelak bota ditut.

Granadako Alhambraren kontuak zeresana sortu du...
Bai! 16:30ean, bazkaldu gabe, itzelezko beroagaz... berdin dio San Nikolas gaztelua edo Alhambra izan! (barrez). Lehenengo egunean, aurkezpena egiterakoan botatakoak ere grazia egin du: akerra ekarriko nuela arraza hobetzeko...

Zer egin zaizu gogorrena?
Autobusean egindako orduak. Probak? Batzuetan besteeetan baino gusturago, baina ondo ibili naiz. Duintasuna ere galdu behar da batzuetan! (barrez).

Zelan andaluziarrekin?
Ez daukagu batere antzik. Ibiltzerik ez daukanak ere laster aterako du burua leihotik telebistan agertzeko! Euskaldunok kamera bat ikusi, eta ihes egiten dugu  — Getarian hainbat arazo izan zituzten bertakoak batzeko—. Hori bai, beti daude prest laguntzeko. Ardales herriak dena eman zuen; Cadizen txirigotak abesten ibili ginen, eta bertakoekin itzelezko giroa sortu zen.

Andaluziarrengandik, zerk deitu dizu atentzio gehien?
Ez dakit, ba! Oso zabalak direla. Ia ezagutu gabe, etxeko ateak zabaltzen dizkizute.

Eta zer bota duzu faltan?
Familia, etxe-ingurua, lagunak. Bakarrik egon gara han, “inkomunikatuta”.

Famatu egingo zinen..
Bai, asko hurbildu dira nigana. Lehenengo asteburuan, Durangon irten, eta 50 euroko hiru billete dedikatu nituen, balioa hirukoiztuko zela-eta (barrez). Norbera pasatu, eta inguruan marmarka ere antzeman ditut; eta, sare sozialetan ezagutzen ez ditudan hainbaten eskariak jaso ditut, lagun egiteko.

Eta zelan daroazu?
Nik bizitakoa bada famaren alde txar guztia, ederto! Inor ere ez zait hurbildu ezer txarrik esatera, baina, ezagutzen nauenak badaki nolakoa naizen. Gainerakoek esan dezatela nahi dutena. Hasieratik garbi eduki dut ez naizela denen gustuko izango. Lepoa zabal eta burua argi irten naiz kalera, besterik gabe! Pentsakera irekia eta bizkar zabala ditut.

Errepikatuko zenuke?
Baliteke, baina, pentsatu egin beharko nuke; gauza asko argitu. Hala ere, ezin dut lana utzi reality batengatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!