Zalloventa lurrez betetzeko, kamioiek 100 joan-etorri egingo dituzte egunero

Anboto 2015ko ira. 3a, 11:21
210.000 metro kubiko lur beharko dira Zalloventa harrobia betetzeko.

Zalloventa harrobiaren berreskurapen prozesua martxan dago, eta laster hasiko dira lurrez betetzen. Horretarako, Markomin Goikoa harrobiko soberakinak erabiliko dituzte; 210.000 metro kubiko, hain zuzen ere. Enpresak, berez, urte biko epea dauka berreskurapena amaitzeko, baina “ahalik eta arinen” amaitzeko borondatea dauka, Endika Jaio alkatearen arabera. Harrobia lurrez betetzeko, eguneko 100 kamioi-bidaia egingo dituzte enpresako beharginek.


Jaiok adierazi duenez, udalean jakitun dira kamioien joan-etorriak inguruetan sortuko duen “enbarazuaz”. Hori dela-eta, auzotarrekin batzarra egin dute dagoeneko, egoeraz informatzeko.

“Zikloa itxi”
Edozelan ere, lan hori egin beharrekoa dela esan du Jaiok, eta baikorra izan da balorazioa egiterakoan: “Nahiz eta denbora batez enbarazu egin, lanei esker harrobiaren zikloa itxi egingo da”. Eusko Jaurlaritzak 2010ean agindu zuen harrobia ixtea; aurretik, auzitegiek atzera bota zuten enpresaren ustiapen berrirako eskaera, eta Urkiolako Parke Naturaleko patronatuak ere harrobien hedapena mugatu zuen.

Jaurlaritzak  harrobia berreskuratzeko agindua eman zion enpresari, eta instalazioak kendu zituzten. Orain, betetzen hasteko hasierako obra batzuk garatzen dabiltza, eta laster hasiko dira lurra ekartzen.
Errepideak erabiltzearen eta obra baimenaren tasengatik, 300.000 euro inguru ordainduko dizkio enpresak udalari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!