Mañariaren etorkizuna elkarrekin erabakitzeko ordua heldu da

Anboto 2014ko aza. 21a, 11:40

Duela urtebete hasi zuten Mañarian Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozesua, Mañaria alkarregaz izenekoa. Udalaren ekimenez eta herritarren partaidetzagaz, herria hirigintza ikuspegitik zelan eraiki aztertzen ibili dira. Ideia berriekin sei eredu edo alternatiba proposatu dituzte, eta herritarrek esango dute zein nahiago duten. Beraz, Mañariaren etorkizuna elkarrekin erabakitzeko ordua heldu da. 


Gerora landuko den plan osoaren lehen fasea da gaurtik aurrera bozkatuko dena. Zerbitzu bakoitzerako kopurua da sei ereduetan aldatzen dena. Adibidez, etxeen kasuan, 90, 107, 118 edo 156 etxe eraikitzearen artean hautatu beharko dute. Ekipamendu eta espazio publikoak ere desberdinak dira. Gainera, oinarri komun bat dago guztietan: izaera publikoko espazioa erreka inguruan hedatuko da, Andra Mari kalea zabalduko da, eta harrobien berreskurapena ere bultzatuko da, besteak beste. Horretarako, ahalik eta lur gutxien erabili gura izan dute, eta herri bizia dute jomuga.

Seirak puntuatu
Endika Jaio alkateak azaldu du jai giroan hasiko dutela gaur galdeketa, eta musika eta pintxoak eskainiko dituzte. Herritarrek sei aukerak puntuatu beharko dituzte, ez bat bakarrik. Gehien gustatzen zaien ereduari sei puntu emango dizkiote, eta puntuazioa beherantz joango da azkenekoari puntu bakarra eman arte. Etxerik etxe banatu duten orriak balioko du botoa emateko.

Udalak abenduko lehenengo astean esango du zein eredu izan den herritarren gustukoena.

Galdeketa egutegia:

- Gaur, azaroak 21: 17:30etik 20:30era, plazan.
- Domekan, hilak 23: 11:30etik 13:30era kultur etxean.
- Hilaren 24tik 28ra: udaletxean, ohiko ordutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!