Unai Uribarri: "Duranguesa ez balitz egongo gazteek ez lukete bultzadarik edukiko"

Anboto 2014ko uzt. 18a, 13:20

Odolean darama txirrindularitza. 2006an egin zen ezagun, Euskaltelegaz profesionaletan debutatu zuelako. Baina horren aurretik eta ostetik ere bizikletari lotuta bizi izan da. Gaur egun kirol horren sustapenean dabil Duranguesa elkartean, eta batzarkide lanetan hasi berri da. Frantziako Tourreko etapa amaiera ikusi baino lehen etorri da elkarrizketara.


Zelan zabiltza Duranguesako arduragaz?
Azken urteetan jende gaztea hasi gara batzordean sartzen. Elkarteari bizitasun apur bat ematen, lehengo klasikotik berritasun apur bat sortzen. Txirrindulariok ondo dakigun moduan, gero eta jende gutxiago dago, gero eta ume gutxiago, eta arlo hori bultzatzeko gaude.

Gero eta ume gutxiago dago?
Bai. Ni 11 urtegaz hasi nintzenetik hona sekulako aldea dago belaunaldi guztietan. Lasterketetan asko igartzen da, adibidez. Gu pelotoian 100 inguru egoten ginen, eta orain horrelako tropela lortzea gaitza da.

Zer asmo duzue aurrera begira?
Gaztetxoenekin eskolarik eskola ibili gara. Zer eskaintzen dugun, eta gure helburu nagusia ondo pasatzea dela azaldu diegu. Gaztetxoek asteburu batzuetan irteerak egiten dituzte basora gurasoekin. Orain mendiko bizikleta erabiltzen da gehiago; lehen dena zen errepidekoa, eta orain basokoa. Gero, kadete mailan Elorrioko taldekoek hartzen dituzte, eta jubeniletan gurera pasatzen dira berriro. Jubenil mailan txirrindulari trukaketa bultzatzen gabiltza, batez ere Eskoziakoekin. Orain hemen lau txirrindulari daude, bertakoen etxeetan. Gero hemengoak joango dira hara. Nazioarteko egutegiko lasterketa batzuk dauzkate; hil amaieran Belgikara doaz, eta aurrerago Galesko Itzulia korrituko dute.

Zuen moduko taldeak sostengu dira txirrindularitzan.
Duranguesa ez balitz egongo, gazteek ez lukete bultzadarik edukiko. Umezurtz geratuko lirateke.

Durangaldean aspalditik dago zaletasun handia, ezta?
Nik baietz uste dut, eta badut esperantzarik: apur bat saiatuz gero, berriro lortuko dugu indarra.

Entrenatzeko, errepideak hobetu beharko lirateke?
Durangaldean trafiko asko dago. Batez ere, Berriztik Zornotzara doana, baina baita Arrasaterakoa ere. Bidegorri gehiago egon beharko lirateke.

Gazte zinela hasi, eta gorengo mailara heltzea lortu zenuen. Zelakoa izan zen sasoi hura?
Gogorra, eta aldi berean polita. Nahiko gazte pasatu nintzen profesionaletara, 20 urtegaz.  UCI Pro Tour lasterketak sortu zireneko sasoia izan zen, eta exijentzia maila askoz handiagoa izan zen. Lasterketa batzuetara UCI Pro Tour osatzen zuten talde guztiek joan behar zuten, eta horrela kalitatea igo egiten zen. Esperientzia polita izan zen niretzat; laburra, eta horixe penarik handiena. Baina ez naiz ezertaz damutzen, pozik nago egindakoaz. 2006-2007an Euskaltelen egon nintzen, eta 2008an Orbean.

Zein momentu on daukazu akorduan?
Gustura geratu nintzen Dauphine Libere lasterketagaz. Batez ere Frantziako Tourra korritu behar zuen taldeagaz joan nintzen, eta oso gustura sentitu nintzen.

Geroztik zelako harremana eduki duzu txirrindularitzagaz?
Utzitakoan, mekanikari lanetan ibili nintzen hiru urtez Seguros Bilbaon. Gero, hori utzitakoan, Duranguesagaz hasi nintzen.
 
Bizikleta zure bizitzako parte garrantzitsu bat da.
11 urtegaz hasi nintzen lehiatzen. Lehenengo aitagaz ibiltzen nintzen; aita betidanik ibili da bizikletan. Orain, gustuko dudalako irteten naiz bizikletan, lehen baino gutxitxoago bada ere; baina, beno, telebistan dagoenean ere beti jarraitzen dut.

Odolean daramazula esan daiteke.
Familiakoak ere dezente izan dira txirrindulariak. Gorospetarrak-eta hor daude, nire lehengusuak dira.

Urkiola sarritan igoko zenuen, bada?
Ez pentsatu! Normalean beherantz egiten dut [barrez]. Bizi osoan hogei bider igo badut! Orain jende nagusiak-eta gehiagotan igotzen du, baina lehiatzen dabiltzan gazteek lantzean behin bakarrik igotzen dute. Gogorra da; nahiago dut beste aldetik igo eta Durangaldetik bajatu.

Tourreko etapak ikusten dituzu. Froome eta Contador barik, zein da faborito?
Nik pronostiko guztietan Froome ipini nuen. Orain, Nibali ikusten da indartsuen, bai ordekan, bai mendian, eta horregatik dago lider.

Eta bertara joateko asmorik?
Lau-bost urte joan barik egon naiz, eta aurten berriro joango naiz. 21etik 25era noa, Pirinioetan etapa pare bat ikustera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!