Abuztuaren 15ean Kepa Junkera eta Sorginak entzuteko aukera

Anboto 2016ko abu. 11a, 11:00

Zazpi musikari eta dantzari gaztek osatzen dute Mallabiko jaietan Kepa Junkeragaz joko duen Sorginak taldea. Junkeraren trikitixari euren panderoagaz, ahotsagaz eta perkusioekin laguntzen diote zazpi musikari horiek, eta dantzari ere jardungo dira, gainera, abuztuaren 15eko kontzertuan.

Maletak diskoa aurkeztuko dute Junkerak eta Sorginak taldeak. Ia ehun lagunen kolaborazioagaz grabatu zuten elkarlan horren barruko bigarren diskoa, eta Euskal Herriko doinuez gain, Galizia, Aragoi, Katalunia eta Gaztela eta Leongo erritmoak ere biltzen ditu.

Mallabiko Andra Mari jaien hasiera ere trikitixa doinuz egingo dute, abuztuaren 14an, 11:30etik aurrera: Mallabiko trikitilariek girotuko dituzte jaietako lehenengo orduak. Arratsaldean, berriz, elektrotxaranga arituko da Mallabiko kaleak musikaz girotzen, 18:00etatik 21:00etara.

Jasokunde herriko abesbatzaren bi emanaldi ere jasotzen ditu Mallabiko Andra Mari jaien egitarauak. Abuztuaren 14an, 11:00etan, Andra Mari eguneko mezan izango da emanaldietako bat; eta abuztuaren 16an, 12:00etan, bigarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!