Mallabiko jaiak lagunarteko giro alaian igarotzeko egitarau zabala dago prest

Anboto 2016ko abu. 11a, 10:00

Umeen Eguna ospatuko dute Mallabiko Andra Mari jaietako lehenengo egunean, abuztuaren 14an. Umeen txupinazoa egingo dute 12:00etan, eta herriko txikienen gozamenerako, umeentzako parkea, bits festa eta kale animazioa izango dira. Txupinazo nagusia 19:00etan botako du Aitor Elordi pilotariak.

Abuztuaren 16an, San Roke egunean, aldiz, nagusien eta koadrilen eguna ospatuko dute Mallabiko jaietan. Egun horretan paella lehiaketaren XVII. edizioa eta marmitako lehiaketaren V.en aldia burutuko dituzte. Txapelketa gastronomiko horietan parte hartzeko, 11:00etan eman beharko da izena. Marmitako kazolak 13:00etarako eduki beharko dira prest, eta 13:30erako paellak.

Egun horretan, txerri errea eta sagardoa dastatzera elkartuko dira mallabitarrak 20:00etan herriko plazan, eta Luhartzen erromerian dantzatuko dira, 20:30etik aurrera.

Kirolek ere presentzia nabarmena dute Mallabiko jaietan. Abuztuaren 14an pilota partidak izango dira, 21:30ean, Kirol Etxean. Elordi eta Tolosa, Gorka eta Irustaren kontra arituko dira; eta Irribarria eta Barriola, Altuna III.ena eta Zubietaren kontra. Partidu horretarako sarrerak abuztuaren 8tik 12ra arte eskuratu ahalko dira udaletxean, aurresalmentan.

Abuztuaren 15ean Mallabiko XXVI. harri-jasotze saria jokatuko dute, 17:30ean hasita. Galarraga, Etxebarria, Eizagirre, Lopetegi, Peñagarikano eta Inhar harri-jasotzaileak jardungo dira harri txikiagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!