Karmele Gisasola: "Gizonen mundua bada ere, andreen aldeko apustua egin dute"

Anboto 2015ko uzt. 19a, 10:00

Herri kirolen munduan jaio eta hazitakoa da Karmele Gisasola. 17 urtegaz hasi zen erakustaldietan, eta txapelketetan ibiltzeko prestatzen dabil iaztik. Ingudea alxatzen ibiltzen da batez ere. Hala ere, txinga eroaten eta trontzan ere ibiltzen da. Boisera joango da hilaren 27an. Iparraldeko jokoen erakustaldian parte hartuko du.


Familiatik datorkizu herri kirolekiko zaletasuna…
Betidanik ikusi dut etxean. Harri-jasotzen ibili da aita, ezaguna da mundu horretan, eta betidanik ikusi izan dut. Neba eta lehengusua ere 3-4 urte zituztenetik dabiltza aizkoran eta harri-jasotzen. Behin, inguruko auzo batean, herri kirolak egiteko jendea behar zela-eta, lehengusina eta biok trontzan hasi ginen, aitak animatuta. Saioko denbora betetzeko zazpi kiloko ingudeagaz hasi ginen. Gero, gerriko minagatik utzi egin behar izan zuen lehengusinak.

Zuk jarraitu egin zenuen.
Ingude altxatzen zebiltzan neska batzuk ikusi nituen telebistan, eta pentsatu nuen nik horrenbeste egin nezakeela. Probatu gura nuela esan nion aitari, eta hamar kiloko ingudea lortu zidan. Horrela hasi nintzen.

Txapelketetan ere ibili zara.
Erakustaldietan 17 urtegaz hasi nintzen, baina txapelketetarako serio prestatzen iazko urtarrilean. Hasi, eta Euskadiko Emakumezkoen Txapelketan sartu ninduen aitak. Zazpi emakume ginen, eta bigarren geratu nintzen: 90 minutuan 84 altxaldi egin nituen; lehenengoak 91. Itzela izan zen. Iaz izan zen hori. Aurten, bost ibili gara, eta hirugarren izan naiz; 86 altxaldi egin ditut, lehenengoak 92, eta bigarrenak 91. Diman izan da saioa.

Bizkaikoa ere irabazi zenuen.
Bizkaiko Herri Kirolen Plataformak antolatutako txapelketa irabazi nuen iaz; Herri Kirolen Federazioak antolatutakoan bigarren geratu nintzen.

Jose Antonio Gisasola ‘Zelai’ harri-jasotzailea duzu aita, eta osaba Jesus Gisasola ‘Zelai II.a’ aizkolaria. Odolean daramazu.
Bai. Lehengusua aizkoran ibili da, eta neba harri-jasotzen. Abizena dela-eta, zerbait gehiago espero da, beharbada.

Trontzan hasi zinen baina...
Bai, baina ingudeagaz eta txingekin ibiltzen naiz batez ere; saioak betetzeko egiten dut trontzan. Etxean ez naiz horretarako entrenatzen.

Baina txinga eroaten eta ingudean ibiltzeko bai. Indarra da dena ala teknika ere behar da?
Egia esan, ez dut teknikarik. Harria jasotzen ibili da aita, ez Iparraldeko jokoetan, beraz, ez dut teknikarik hartu. Dena indarragaz egiten dut. Bai, entzun izan dut teknika falta dudala.

Teknika hobetuko duzu?
Beharko nuke, baina entrenamenduek ere asko egiten dute. Zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta hobeto. Astean hiru bat egunean korrika egitera edo ibiltzera joaten naiz, eta ingudea jasotzen eta txingekin lantzen dut indarra.

Harritu egiten du emakumeak herri kiroletan ikusteak?
Bai, eta, hala ere, gizonak baino gehiago animatzen gaituzte.

Gizonezkoen mundua da herri kirolena, ala aldatzen dabil?
Gizonezkoen mundua bada ere, nesken aldeko apustua egin dute. Aizkoran emakumeak gura dituztela-eta, horretan hasteko esan didate, baina ez dut asmorik. Hala ere, horrek erakusten du andreen presentzia eskatzen dabiltzala.

AEBetako euskal komunitatearen jai nagusia egingo dute Boisen. Uztailaren 27an zoaz.
Horrela da, bai. Urduri nago! Harri-jasotzaileak, aizkolariak… denetarik goaz. Iparraldeko jokoak egingo ditugu guk: trontza, ingude altxatzea, txinga eroatea, txokor biltzea… Hiru egunetan egingo dugu saioa.

Iparraldeko jokoak gero eta gehiago ikusten dira?
Ez dute harriak edo aizkorak duten lana. Joko errezagoak dira entrenatzeko, eta, saioa amaitzean, inork probatu gura badu, 80 kiloko harria altxatzea baino errazagoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!