Stai Zitto: "Egia bihurturiko amets bat da guretzat Mallabiko jaietan jo ahal izatea"

Anboto 2014ko urr. 24a, 12:30

Maialen Arrizabalaga abeslariak, Xabier Martín tronbonistak, Andoni Conde gitarristak, Asier Uranga bajistak eta Gorka Martínez saxofonistak aurkeztu digute Stai Zitto taldea. Asteburuan oholtza izango dutenetik gertu erantzun diete galderei musikariek: Mallabiko plazan. Bost horiekin, Julen Rodriguezek, Danel Ferreñok eta Asier Cascanek osatzen dute taldea. Oso talde gaztea da, duela urtebete sorturikoa, eta oso gazteak dira taldekideak ere: 16 eta 23 urte artekoak. Ermu eta Mallabiko gazteek italieraz ipini diote taldeari eta lehenengo diskoari izena: ‘Stai Zitto’ (Egon isilik).


Berezia da zuentzat bihar Mallabiko jaietan jo ahal izatea?
Maialen Arrizabalaga: Oso gauza berezia da taldekide guztiontzat. Betidanik etorri izan gara Mallabiko jaietako kontzertu handiak entzutera, eta orain gu oholtza horretatik aritu ahal izatea ikaragarria da! Amets bat egia bihurtzea izan da.
Axier Uranga: Sekulako motibazioa da biharko kontzertua!
M.A.: Gainera, Su Ta Garren, Vendettaren eta Trikizioren aurretik jo ahal izatea aukera itzela da. Kaleratu dugun lehenengo diskoan Aitor Gorosabelen kolaborazioa eduki dugu, eta alde horretatik ere berezia izango da.

Zelako kontzertua izango da Mallabikoa? Zuen urtebeteko ibilbidearen erakusle?
M.A.: Bai. Batetik, kaleratu berri dugun diskoko zazpi kantak joko ditugu. Eta, bestetik, bertsio batzuk ere joko ditugu, jendea gu entzutera erakartzeko.
A.U.: Jendea animatzeko ondo egoten da bertsioak jotzea. Berri Txarrak, Talco eta Jet taldeen kantak joko ditugu.

Ematen du doinu alaiak bestelako doinu patxadatsuagoekin uztartzeko mugarik ez diozuela ipintzen zuen buruei.
A.U.: Horrela da: taldekide bakoitzak bere estiloa du, eta, abestiak sortzean, bakoitzak bere ukitua ematen dio kantari.
M.A.: Soy ceniza kantagaz, esaterako, oso identifikatuak sentitzen dira Andoni eta Asier. Niri Cinco sentidos gustatzen zait gehiago, eta Axierrek, adibidez, Sei sustraiak abestiaren doinu melodikoagoak ditu gogoko. Horren guztiaren uztarketa da azken batean Stai Zitto.

Beste talde batzuetan entzuten ez diren detaile instrumentalak entzuten dira zuen kantetan. Perkusioan, esaterako.
M.A.: Bai, izan ere, maila itzela dauka Danelek: bere erritmoekin, taldearen zuzendaria izaten da kontzertuetan. Bateriaren erritmoa sentitzen dugu, eta denok hartzen dugu gidari.

Zelan sortu da Mallabi eta Ermuko musikarion harremana?
A.U.: Duela zenbait urte, beste talde bategaz hasi ginen taldekideetako batzuk, eta kide berriak elkartzen joan zitzaizkigun harrezkero. Lehenengo abeslariak utzi egin zuen taldea, eta Maialen hasi zen abesten.
M.A.: Aspalditik ezagutzen dugu elkar, musika eskolan elkarrekin ibilitakoak gara, Ermuko musika bandako kideak ere bagara beste batzuk...

Zer ezaugarri ditu Stai Zitto zuen lehenengo diskoak?  
M.A.: Alaia eta freskoa da, batez ere. Nahiko musika berezia egiten dugu, eta oso kolaborazio interesgarriak eduki ditugu: Su Ta Garreko Aitor Gorosabelena, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgorena eta Cillo abeslariarena.

Zelan lortu duzue diskoaren grabazioa aurrera ateratzea?
M.A.: Apustu handia izan da diskoarena, lan polit eta serioa izatea gura genuelako. Horregatik jo genuen Higain estudiora.
A.U.: Inbertsio gisa ulertzen dugu diskoa, uste dugulako beste ate batzuk zabaltzeko aukera emango digula.

Letra gehienak euskaraz dituzue, baina gaztelaniaz ere badituzue bi. Zeren arabera aukeratzen duzue hizkuntza?
M.A.: Melodiaren arabera izaten da. Sortzen nagoela ateratzen zaidan lehenengo berbaren arabera egiten dut. Cinco sentidos kanta, adibidez, Andaluzian nengoela sortu nuen, eta gaztelaniaz idatzi nuen.

Zuzenekoetarako nahi beste aukera izan duzue orain arte?
M.A.: Ermuan eta Eibarren nahikotxo jo dugu, eta Basaurin eta Legazpin ere eskaini izan ditugu kontzertuak. Gaztetxeetan eta txosnaguneetan jo izan dugu. Tartean diskoa grabatu dugunez, ez gara zuzenekoetan gehiegi zentratu.
A.U.: Taldea ezagutarazteko erabilgarri izango zelakoan kaleratu gura genuen diskoa, eta hemendik aurrera ahal beste jotzea da helburua.

Zelan irudikatzen duzue Stai Zitto taldearen etorkizuna?
A.U.: Gure musika ahal beste kontzertutan eskaintzen, egiten duguna jendeari helarazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!