Alex Txikonen eta Bihurriren taldeen arteko herri erronka Urriko jaietan

Anboto 2014ko urr. 23a, 09:00
Txikonek eta Bihurrik 'Aizkora hotsak goi mendietan' dokumentala grabatu zuten. Argazkia: Bideografik.

Bihar botako dute Urriko jaien txupinazoa. Sati Zitto, Su Ta gar, Vendetta eta Trikizio taldeak arituko dira zapatuan. Txikonek eta Bihurrik zapatu arratsaldean egingo dute herri erronka.

Ekitaldiz beteta dator Mallabiko Urriko jaietako egitaraua. Bihar txupinazoa jaurtita ekingo diete jaiei. Elizpeko pilota txapelketaren finala jokatu ostean, oilasko pintxoak banatuko dituzte plazan. Fredi Paiak eta Beñat Ugartetxeak bertso-poteoa girotuko dute. Gauerako, Euskal Herriko II. nortasun agiri jaurtitze txapelketa prestatu dute, eta baita karaokea ere, Herriko Tabernan.

Zapatu goizean, umeek areto futbol txiki partiduak eta olinpiadak jokatuko dituzte. Arratsalderako eta gauerako prestatu dituzte jaietako nobedade nagusiak. Alex Txikon mendizale eta aizkolariak, bere taldeagaz, eta Bihurrik, bereagaz, herri erronka jokatuko dute herriko pilotalekuan. Gauean, berriz, ohikoa denez, talde ezagunen kontzertuak izango dira entzungai: Stai Zitto, Su Ta Gar, Vendetta eta Trikizio.

Domekan, jaien egitarauagaz amaitzeko, gaztetxoek pilota eta pala partiduak jokatuko dituzte. Arratsaldean Zer ete darabil Tomasak antzezlana eskainiko dute kultur etxean. Ondoren, txokolatadaren inguruan bilduko dira, plazan, eta bertatik buruhandiak irtengo dira.

Gauean autobusak
Zapatu gauean Lurraldebusek zerbitzua eskainiko du Mallabi eta Ondarroa artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!