Egoitz Txurruka: "'El conquistador del fin del mundo' nire bizitzako esperientzia onena izan da"

Anboto 2014ko urr. 17a, 09:00

‘El conquistador del fin del mundo’, ‘Conquistour’ eta ‘Gu ta gutarrak’. 22 urtegaz, Egoitz Txurrukak ‘reality’-etan esperientzia handia du. Patagoniatik (Argentina) itzultzean, egun bi pasatu zituen Mendaroko ospitalean intsektuen ziztadengatik. Gezurra badirudi ere, berriro joango litzatekeela dio.


Zelan hasi zara telebistaren munduan?
Joan zen urtean, uztailaren hasieran, El Conquistador del fin del mundo saioko hautaprobak egiten zebiltzala ikusi nuen. Matematika ikasgaiko azken azterketa egitera joan ginen Gasteizera, eta pentsatu genuen, azterketa ondo irteten bazitzaigun, probara joango ginela. Ondo irten zen, eta joan egin ginen. 2.000 pertsonen artean hamazazpi joan ginen Patagoniara: zorte handia izan zen. Laguna erreserban gelditu zen. Erredaktoreek hautaproba ikusi zutenean Gu ta gutarrak programatik deitu zidaten.

Oso ezberdinak dira saio biak.
Bai, Conquis oso gogorra da, gosea pasatzen duzu. Gu ta gutarrak saioaren oinarria elkarbizitza da. Irteerak ere egiten ditugu. Surf egitera edo zaldian ibiltzera joan gara. Oso ezberdinak izan arren, bietan ezagutu dut jende asko, eta oso aberasgarriak izan dira saio biak.

Patagonian zer moduz ibili zinen?
Oso gogorra izan zen. Iguazuko ur-jauzietan egon ginen. Klima oso epela zen, baina oso hezetasun handia zegoen. Txarrena zomorroak ziren. Basoan egiten genuen lo, eta goizean inurri haragijaleek arropa janda jaikitzen ginen. Etorri nintzenean, Mendaroko ospitalean pare bat egun ospitaleratuta egon nintzen, hankak ziztadaz beteta nituelako. Hegazkinean hankak handitu zitzaizkidan. Hala ere, Conquis nire bizitzako esperientzia onena izan da, eta berriro joango nintzateke.

Korta eta Juanito telebistan ikusten ditugun modukoak dira?
Korta eta Juanito elkarrekin tokatu zitzaizkidan. Banan-banan tipo itzelak badira, imajinatu biak batera. Telebistan ikusten dituzun modukoak dira. Zoratuta daude. 5 urteko umeak dirudite. Momentuan gogor egiten dizute, baina txiste piloa kontatzen dute.

Eta Julian Iantzigaz ondo konpondu zara?
Telebistan zirikatzailea dela ematen du, baina bere papera da. Hortik kanpo, tipo oso jatorra da, oso hurbilekoa. Harremana daukagu, eta oso ondo konpontzen naiz beragaz.
 
‘Conquistour’ Mallabira ekartzea ondo legoke!
Bai! Elantxoben eta Orion grabatu da. Tirolina bat jarri daiteke elizatik udaletxera-edo. Aurten kapitainen herrietan egin dituzte probak.

Ingurukoek zer esaten dizute telebistan ikustean?
El conquistador del fin del mundo saiora joan nintzenean, familiakoek eta lagunek bakarrik zekiten saioan parte hartzekotan nintzela. ETB2n domeketan programarik ikusiena da, beraz, imajinatu Whats
Appa! Lagunekin lokalean ikusi nuen programa, eta mugikorra zoratuta. Kaletik ere jendea primeran portatzen da.

‘Gu ta gutarrak’ saioan ere ikusten zaituzte?
Conquis zapatu eta domeketan zen, baina Gu ta gutarrak astelehenetik eguenera da, eta ikusle kopuru ona dauka.

Gazteei zuzendutako programak behar ziren ETB1en?
Gazteentzat ez zegoen programarik. Kritikak izan ditzake. Batzuek diote Gran Hermano edo Mujeres y Hombres dirudiela. Baina gazteentzat nahiko ondo dagoela esango nuke. Gure bizitzako gauzak kontatzen ditugu, eta arrakasta nahiko handia lortzen dabil.

Programa honen ostean telebistan jarraitu gura duzu?
El conquistador del fin del mundo, Conquistour eta Gu ta gutarrak programez gainera, Bost baietzen ere egon nintzen. Julianek kalean topatu ninduen, Eibarren, eta 280 euro irabazi nituen. Ez balitzait gustatuko, ez nintzateke joango. Baina aukera eman didate. Hau amaitu egin daiteke, eta aukera aprobetxatu gura izan dut. Ez da erraza. Irakasletzako hirugarren urtea egiten nabil goizetan, eta arratsaldetan grabazioetara joaten naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!