Aspuruk eta Elordik galdu egin dute atzoko jardunaldian

Anboto 2014ko mar. 21a, 12:13
Asier Aspuru abadiñarrak eta Aitor Elordi mallabiarrak galdu egin zituzten atzo Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako partiduak

 

Dorronsorok eta Aspuruk 16-22 galdu zuten Agirre eta Etxemandiren aurka. Erritmo biziko partidua jokatu zuten eta aurrelariak nor baino norrago aritu ziren. 14nako berdinketaren ostean, Agirrek lau-bost tanto eder egin eta orduantxe apurtu zen partidua. Atzelari biak, Aspuru eta Etxamendi, maila oso onean aritu ziren. Oraingoz, Aspuruk garaipen bat eta porrot bat ditu Biharko Izarrak txapelketan.

 

Elordik eta Urruzolak 19-22 galdu zuten Santxoren eta Bolinagaren aurka. Oso partidu borrokatuan lau pilotariek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Galdu arren, bai Urruzolak eta bai Elordik oso ondo jokatu zuten. Elordik ausart eta gogotsu jokatu eta txapelketa honetan onenen mailan ibili daitekeela erakutsi zuen. Polemika apur bat ere izan zuen partiduak. Markagailuak 20-19koa islatzen zuela (Santxoren eta Bolinagaren alde) epailearen huts baten ondorioz, berdinketa ekarri behar zuen tantoa irabazleen aldera erori zen. Tanto erabakigarria izan zen, partidua azken txanpan zegoelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!