Aitor Elordi eta Asier Aspuru dira Durangaldeko ordezkariak Biharko Izarrak txapelketan

Anboto 2014ko ots. 25a, 10:38
Txapelketan parte hartuko duten pilotari batzuk atzoko aurkezpenean
Atzo aurkeztu zuten eguenean hasi eta hiru hile iraun duen Biharko Izarrak txapelketa Mallabian. Urtero legez promesa gazterik onenak batuko ditu. Parte hartuko duten zazpi bizkaitarretatik bi eskualdekoak dira: Aitor Elordi mallabiarra eta Asier Aspuru abadiñarra.

 

Aurten 11. aldia egingo du Biharko Izarrak txapelketak. Urteroko joko sistema bereziari eutsiko dio. 24 pilotari multzo bitan banatuko dituzte (seina aurrelari eta atzelari bakoitzean) eta aurrelari denek atzelari denekin jokatuko dute txapelketan zehar. Multzo bakoitzean punturik gehien batutako bi aurrelari eta atzelariak finalerdietarako sailkatuko dira. Gipuzkoak ditu ordezkari gehien: 12. Bizkaiak zazpi ditu, Nafarroak lau eta Arabak bat.

 

Trabakua Beheko jatetxean egindako aurkezpenak pilota enpresetako ordezkariak (Jokin Etxaniz, Aspetik) txapelketan parte hartu izan duten pilotari profesionalak (Erik Jaka, Andoni Aretxabaleta, Xabier Tolosa eta Danel Elezkano) zein hainbat elkarte eta federaziotako ordezkariak (Jose Manuel Fuentes Bizkaiko Pilota Federazioko presidentea eta Patxi Jauregui Euskadiko Pilota Federaziotik, besteak beste) batu zituen. Baita Mallabiko alkate Mila Mondragon ere. Mondragonek “urtetik urtera gero eta indar gehiago hartzen” ari den txapelketa dela nabarmendu zuen.

 

Elordi eta Aspuru

 

Durangaldeak ordezkari bi ditu: Aitor Elordi eta Asier Aspuru. Elordik 17 urte ditu eta lehenengoz parte hartuko du Mallabiko txapelketan: “Badakit pelotari handiak egongo direna, baina ilusioz nago eta ahalik mailarik onena ematen saiatuko naiz”, adierazi du. Martxoaren 8an jokatuko du lehen partidua. Baina aurretik konpromiso garrantzitsuak ditu. Eguazten honetan, esaterako, Euskal Ligako finalerdiak jokatuko ditu. Gorka Otadui eta biek Xabier Arrizabalaga eta Mikel Urizar izango dituzte kontrario.

 

Asier Aspururentzat aurtengoa da titular moduan jokatuko duen lehenengo biderra. Orain urte bi ordezkapen bi egin zituen, bat irabazi eta bestea galduz. Iaz titularren artean zegoen, baina Lezamako txapelketan bere bikotea gainera erori eta besoko kubitua eta erradioa apurtu zituen. Sei hile eman zituen errekuperatzen. Aurten, antolatzaileek aukera berri bat ematea erabaki dute: “Ilusio handia dut. Badakit ez naizela pilotaririk jotzaileena izango, baina partiduz partidu joan eta ahalik itxurarik onena ematen saiatuko naiz”, adierazi du.

 

Lehenengo partiduak eguen honetan jokatuko dituzte, 21:15ean, Mallabiko pilotalekuan. Lehen partiduan Urbieta eta Urruzula Urretabizkaia eta Lasaren aurka ariko dira; bigarrenean Arrieta eta Etxamendi Lopez eta Iturriagaren kontra.  Normalean jardunaldiak eguenetan izango diren arren, zapatu honetan ere beste partidu bi jokatuko dituzte 17:00etatik aurrera: Dorronsoro-Imaz / Arteaga -Iturriaga eta Santxo – Arratibel / Ugalde Lasa.

 

Erik Jaka, Xabier Tolosa, Andoni Aretxabaleta eta Danel Elezkano

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!