'La educación prohibida' dokumentala proiektatuko dute Zapaburuek astea ondo amaitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zapaburu Konpartsa 2014ko api. 10a, 15:24
Aisialditik gai ezberdinak jorratu daitezkeela sinetsita, hezkuntzari buruzko dokumentala ikusteko aukera izango da domeka honetan, 16:30etik aurrera Pinondo etxeko 3. solairuan.

Hilaren bigarren domeka guztietan antolatzen dute Zapaburu Konpartsakoek "Doku'zinea". Bertan, gai ezberdinen inguruko hausnarketa egiteko aukera eskaintzen duten dokumental eta filmak proiektatzen dituzte. Martxoan "Gazta zati bat" proiektatu zuten eta ondoren egiten den solasaldian hainbat iritzi entzuteko parada egon zen. Oraingoan, antzeko parte hartze maila lortu nahi dute, baina gaia bestelakoa da: hezkuntza. Izan ere, "La educación prohibida" dokumentala ikusteko aukera egongo da, gure hezkuntza ereduaren inguruko hausnarketa bideratzeko asmoz.

Hona hemen dokumentalaren aurrerapena: http://youtu.be/BPME2GHBe9s

Interesa dutenek domekan bertan Pinondo etxean agertzea besterik ez daukatela gogorarazi nahi dute gazte konpartsakoek, kafea euren kontura joango da eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!