Hiru Haundiak

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2016ko urr. 21a, 08:30

1987an jaio zen Hiru Haundiak proba, mendi martxa gisa, Sociedad Excursionista Manuel Iradier-en eskutik, eta aurten hogeigarren edizioa jokatu berri da. Hasierako hamar urteetan, 1996ra arte, urtero egin izan da martxa hau, eta, hortik aurrera, urte birik behin.

 2000. urtean, lehenengoz, lasterketa bat antolatu zen martxarekin batera. Hiru etapatan banandu zen lasterketa hori. Berdin egin zen 2002an eta 2004an, eta, azkenean, 2006an martxa eta lasterketa batu egin ziren proba bakar batean.

Orain hamar-hamaika urte izan nuen, estreinakoz, mendi martxa honen berri, eta garai haietan txutxu-mutxu eta istorio asko entzuten zen proba honen inguruan. Mendi martxa izaera zuenez, jende gutxi animatzen zen korrika egitera, eta ez zituzten 100 kilometroak lasterketa gisa hartzen. Hori zen behintzat parte-hartzailerik gehienek ziotena. Kontua da helmugaratzen ziren askok denbora harrigarrian egiten zutela ibilbide osoa, oinez bakarrik egiteko. Orduko zurrumurruen arabera, partaide batek baino gehiagok ondo baino hobeto ezagutzen zuten ibilbidea, eta gaueko iluntasuna baliatuz, frontal edo linternak itzali, eta lasterbideak hartzen zituzten helmugara kilometro gutxiago eginda heltzeko.

Gaur egun, izaera biei eusten die proba honek, mendi martxari eta lasterketari, eta lehenengo eta azkenengo helmugaratzen direnen artean oso alde handiak izaten dira. Hori bai, bakoitza bere mikrotxipa aldean, inongo tranparik egin barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!