Zegama-Aizkorri 2016

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2016ko mai. 27a, 08:30

Aurreko zapatuan, Zegama Aizkorri mendi maratoiaren bezperan, txoria zuhaitzetik behera botatzeko moduko beroa egin zuen. Hori bai, eguraldi aldaketa zegoen iragarrita. Gauean, oineztarriek eta trumoiak hartu zuten lekua, eta euri zaparrada mardulek bedeinkatu zuten maratoiko ibilbidea, iretargi betearen begiradapean.

Biharamunean, lasterketa egunean, hego haizeak laztandu zituen gure berna, beso eta aurpegi irribarretsuak irteera gunean, baina mendian gora kilometroak egin ahala, laster egin zuen behera tenperaturak, (bezperan baino hogeitaka gradu gutxiago), eta gure aurpegiek ez zuten irteerako poza islatzen. Zegamako bezperako bero itogarritik edurra egiteko moduko hotzera pasatu ginen Aizkorriko tontorrean.
Astinaldi ederra hartzen du gorputzak Zegamako maratoian, eta zer esanik ez halako eguraldi makurra eginez gero. Inoiz edur artean ere egin ditugu ibilbideko tarte batzuk, maiatzean ere badaki-eta edurra egiten, baina domekako maratoia infernu bilakatu zen korrikalariontzat. Aratzeko txingorraldia, gailurreriako haize fin eta hotza (arnasa mozteko modukoa), hezurretaraino bustita…

Ez zen marka ona egiteko eguna. Helburua helmugara iristea zen, osorik. Antolakuntzakoek ere bazekiten, eta Aizkorriko tontorrean zira janzteko eskatzen ziguten, jakinda ordurako zenbatek utzi behar izan zuten lasterketa hipotermiak jota. Zira baino lagungarriagoak egin zitzaizkidan jendearen animoa eta berotasuna, eta Alluitz eta Ametz semeekin helmugaratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!