Egia bat (ez) esateagatik

Erabiltzailearen aurpegia MIren Amuriza (Bertsolaria) 2015ko eka. 19a, 08:30

Joan zen astean, Iratxe Retolaza idazle eta literatur kritikariaren berbaldi bat entzuteko aukera izan nuen: Harrizko Arestiren arrakaletan barrena. Gabriel Arestiri buruz baino, idazlearen irudiaren eta obraren transmisioaren gainean aritu zen Retolaza; haren ustez, transmisio ekintzak berak (edozein dela ere gaia) diskurtso bat eraikitzen baitu, eta kontatzen denak besteko inportantzia baitu isiltzen denak. Euskal Herriko korronte politiko kontrajarriek Arestiren apropiazio moduko bat egin dutela esplikatu zuen, adibidez; zelan alderdi guztien ikur den gaur egun, baina, era berean, bakoitzak poetari buruz komeni izan zaiona bakarrik helarazi duen. Atera kontuak, Felipe Borboikoak ere bere koroatzean aitatu zuen eta!


Retolazak azaldu zuen lez, poesia soziala eta politikoa  maskulinitatea eraikitzeko modu bat izan dira, bilbotarraren esaldi gogoangarrienak horren adibide: “Egia bat esateagatik, alabak hil behar bazaizkit, andrea bortxatu behar badidate, etxea lurrarekin berdindu behar bazait (…) ez naiz isilduko.”.

Nola literaturan, hala gerran, lurraren konkista sarri parekatu izan da emakumearen gorputzaren inbasioarekin eta gaur egun, oraindik, biolentzia sexuala da gerrarako armarik erabilienetakoa.  Gurean ere, zergatik hitz egin da hain gutxi 36ko Gerra Zibilean bortxatu zituzten ehunka andrazkoez? Arestiren pasarte horretan agertzen den moduan, gizonezkoen ohorea zegoelako jokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!