Lan eskaintza: Jostunak behar dira

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2014ko abe. 19a, 08:35

Kakorratza eskuetan hartu, artilea aukeratu, eta, korapiloz korapilo, ehuna josi. Ez naiz ni sastre lanetan esperimentatzen hasi den bakarra.


“Jostorratzak dantzan” jarri zituzten pasa den asteburuan emakume abertzaleen topaketa feministetan. EH Bildu Lortzen hari garena herriz herriko dinamika lantzen dabil “puntuz puntu” datozen udal eta foru hauteskundeetara begira. Gure Esku Dagokoak erabakia ehuntzeko erronkari ekin diote asteon aurkeztu berri duten Jostunak: herritarren borondateak jositako istorio bat dokumentala tarteko. Bihar, berriz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lau gizon eta lau emakume lehiatuko dira, buruz buru, Josi mezua daraman txapela eskuratzeko. Sarek ere, urte berrirako zita jarria du: NOW! Euskal Herrira!; “sare indartsu bat osatu” nahi dute sakabanaketarekin bukatzeko. Eta gehiago ere badira, denak sareak sortzen, denak ehuntzen, denak jostun.

Beti hala ez badirudi ere, herri honek garai berria bizi du. Gudu zelaian eraikitako lubakiak desegin, sabaiak eta zoruak irabiatu, eta iragana etorkizunarekin josi. Herri (berri) bat eraikitzeko gutxieneko batzuen bueltan hurbildu, batu, adostasunak bilatu.

Metaforak balio dezake hasteko, ez jarraitzeko. Jostorratzek punta zorrotzegia dutelako janzten baititugu titareak. Hortaz, erantzi beharko ditugu kateak. Zurezko galtzorratzak hartu, eta egin, desegin, berregin ekuazioan trebatu. Oihala hobe da beti asko eta luze moztea; haria nolako, harila halako.

Gabonetako bazkaloste edota afalondorako puntua: Ze herri klase nahi den/k biharko egunean? (Doinua eta neurria: Libre).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!