Zartagina sutan

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbegozo 2016ko uzt. 15a, 08:30

Badakizue zer den zartagina sutan izatea, eta bitartean, beste gauza bat egin behar izatea? Ba, zartagina uneoro sutan izatearen sentsazio hori izatea, horrelakoa da aita izatean sentitzen dudana. Iker Armentia blogari apartari irakurri nion definizio xelebre hori, eta egunero hirurogei aldiz etortzen zait burura, semearekin pasatzen dudan eguneko tarte txikian. 9 hilabeteko koxkorrari begirada gainetik kentzen diodanean beste zerbaiti erreparatzeko, zartaginak su hartuko didala ematen dit. 

Egun batetik bestera, munduari tontor diferente batetik begiratzen diot. Gauzak ez dira ez politago, ez zatarrago, ez inportanteago, ez hutsalago. Ezberdin, beste barik. Baina besoak eta bizepsak landu ditut, umea besoetan daukadala malabarismoa egiten ikasi dut, eta zartagina uneoro sutan izatearekin bizitzen ikasten ari naiz, besteak beste.  

Eta ikuspegi ezberdin horretatik beste beharrizan, gabezia, ahulezia batzuk ikusten dizkiot neure buruari eta inguruan dudan munduari. Herria ere, Durango bera, asko hobetu daitekeela uste dut, tontortxo honetan daukadan ikuspegi honetatik.

Horregatik, gonbidapena egiten dizuet antolatu eta aldarrikapenak egiteko, gauzak eskatzeko. Gutariko asko guraso, osaba, aitite-amama, lagun edo umeren baten zaintzaileak gara, edo izango gara. Eta, hor bai ez dagoela dudarik, gu guztiok ume izan ginen. Ume izan garelako, bagara, eta hortaz, ume eta zaintzaileek badugu zer hobetu, zer aldarrikatu. Gogoa baduzu, irailean ikusiko dugu elkar beharrizanak aztertu eta Durango tontor honek ematen digun ikuspegitik hobetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!