Matxismoa

Oraintsu ospatu dugu Emakumeen Nazioarteko Eguna, oraindik oso urrun dagoen eskubide berdintasuna eskatzeko. Alde horiek muturrekoak dira kirolean, eta eskandalagarriak futbolean. Euskadiko eta Bizkaiko futbolaren zuzendaritza organoetan emakumeek duten presentzia ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko; emakume bakar bat ere ez.


Areto futbolean oinarri-futboleko txapelketarik ere ez dago; afizionatuen kategoria bakarrik. Emakumeek ez dutela izena ematen diote; bai, baina, zer neurri hartzen ditu federazioak kadete eta gazte mailako nesken artean areto futbola sustatzeko? Bat bera ere ez.

Arreta epaileengan jartzen badugu, argi geratzen da nesken areto futbolari eskaintzen zaion begirune falta. Epailegai direnek ikastaroa amaitzen dutenean eta epaile lanak egiten hasten direnean, euren jarduna lurraldekako emakumeen ligan edo kadete eta gazte mailako emakumeen ligetan hasten dute. Epaile bat emakumeen Lehen Erregionaleko partiduak epaitzeko gai baldin bada, gizonen Bigarren Erregionaleko partiduak epaitzeko gai ere badela uste dut. Eta ez baldin badira, oinarri-futbolean trebatu daitezela.

“Nahikoa da!” esan behar zaio emakumeak gutxiesteari. Ahoa betetzen zaigu eskubide berdintasunari buruz berba egiten, eta gero, praktikan, errealitateak agerian uzten gaitu. Baztertu ditzagun futbola gizonen kontua dela diotenak. Futbola ez da genero kontua, ikustea eta jokatzea atsegin dutenentzako da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!