3x1

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Urkiaga Egidazu 2015ko ots. 27a, 08:35

Bat: Aratusteak. Egin beharrekoak egin, eta haragia alboratzeko egunak ate-joka. Haragikerien eta bestelako gehiegikerien sasoia. Norbere alde intimoei lekua uzteko garaia. Adibidez, mutil nerabeek lotsarik gabe ateratzen dute euren alde femeninoa, amari ostutako arropak jantzita. Alde ezkutuena bistaratzeko egunak.

Beste batzuek, ostera, euren alde… bai, nola esan, alderik… beno, beste batzuek beste alde bat erakusten dute inauterien harira. Baina, aurten, “hauts zara eta hauts bihurtuko zara” esaldiari lotutako liturgiak “hauts zineten eta hauts bihurtu zintuzteten” orbanari egin dio lekua. Txalogarria da koherentzia, eta osasungarria inkoherentzia. Baina, inoiz harririk bota ez duenak bota badezake soilik lehen harria, irakaspen demokratiko gehiagorik ez aurrerantzean, mesedez.

Bi: Txanpona baino objektu zorigaiztokoagorik ez dakit dagoen. Alde batek PSEkula ez du bestea ikusiko. #EuskeraAskatasunez: bai, noski. Barakaldon, Tuteran zein Uztaritzen. Eta nire herriko zinegotzi guztiekin. Inor asaldatu gabe. Euskaraz eta askatasunez bizi nahi dudalako. Beraz, larunbatean, zuok ere Donostian babestu ahalko duzue #EuskeraAskatasunez erabiltzeko eskubidea (17:30ean, Gipuzkoa plazan).

Hiru: “Autobusean isiltasuna / lurrina kristalean”, baina oraingoan Durangora bidean. Askatasun doinuak, askatasunari beharrean, askatasunean abes ditzagun hurrengoan. Eta ezin bada horrela izan, zuek lasai, pazientzia osoz itxarongo zaituztegu. 40 minutuz zein 40 urtez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!