Aurpegi berriak garai berrietarako

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2014ko eka. 6a, 08:30
Almudena Grandesek oso artikulu egokia idatzi du aste honetan, nire uste apalean. Dioenez, sozialistek DNAn dute grabatuta berpizteko gaitasuna, baina, hala ere, hori ez da haien generik berezkoena. Barneko zatiketak garrantzi handiagoa baitu historikoki.


 Bat nator berarekin. Aurrerantz ihes egiten dugunean, akats bera behin eta berriz errepikatzen dugunean, arazoa aurretiaz aztertu gabe erabakiak hartzen ditugunean, eta norberak duen harrokeria lan-molde gisa lantzen dugunean, okerrera egiten ari gara. Gero eta okerrago.
 Bestetik, aurrekaririk izan ez duen hauteskundeetako porrotaren ondoren, Eduardo Madinak zuzen interpretatu zituen emaitzak. Argi onartu zuen alderdi sozialistak afiliatuen konfiantza galdu zuela, aparatu itxiak afiliatuak urrundu zituen heinean. Begien bistakoa dena adierazi zuen. Eta militante bakoitzaren botoa hartu behar dela aintzat, antolakuntza demokratikoaren erakusgarri gisa.
 Emaitza txarrak izan eta biltzarrerako deia egin ondoren, batzuek botereari eusten diote, Europako hauteskundeetan izandako porrotak haiekin zerikusirik izango ez balu bezala. Haiek bilatu dute irtenbide hori, ez militanteek. Beharbada, militanteen borondatea bat etorriko da horrekin; beharbada, ez. Baina, mesedez, joka dezagun demokraziaz, eta berritu dezagun alderdia.
 Pentsatzen dut agintari horietako bat ere ez dela kaletik ibiltzen, eta batek ere ez duela jendearekin hitz egiten; bestela, ulertezina baita.
 Podemos-Ahal dugu alderdiak izan duen arrakasta ikusita, alderdi sozialistan berrikuntza behar dugu, zalantzarik gabe; aurpegi berriak behar ditugu garai berrietarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!