Martxoaren 8an, kontu asko aldarrikatzeko eta salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2014ko mar. 7a, 08:00
Aurten, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, eskubide eta askatasun arloan atzerakada historikoak izaten ari diren bitartean. Gogor salatu behar dugu PP alderdiaren gobernuak aurkeztu duen abortuaren legearen kontrarreformarako aurreproiektua, atzerapauso larria baitakar emakumeen eskubideei eta herritar guztien askatasunari begira.

 

Era berean, argi nabarmendu nahi dugu genero-indarkeriaren aurkako borroka egoera larrian dagoela, indarkeria mota horri aurre egiteko aurrekontuak murrizten ari direlako. Ozen salatu behar dugu Kode Penalaren lege erreformek eta Tokiko Erreformak edukiz hustuko dutela Osoko Legea, eta biktimak babesik gabe utziko dituztela. Azken batean, Genero Indarkeriaren aurkako Osoko Legea erabat desegiten ari dira atzeko atetik.

 

Lan erreformaren, krisialdiaren eta PP alderdiaren politikaren ondorioz, emakumeak etxera itzultzen ari dira berriz. Izan ere, orain arte beti gora egin duen emakumeen jarduera tasa atzera egiten ari da une honetan, lehenengo aldiz 30 urte baino gehiagotan. Iazko Martxoaren 8an baino okerrago gaude egun, emakumeek 82 egun gehiagotan egin behar baitute lan gizonek baino, azken horiek urtean duten ordainsari berbera jaso ahal izateko; aldizkako kontratu gehienak emakumeei dagozkielako, eta ordaindu gabeko lanaren %80 emakumeek betetzen dutelako. Hori ez da halabeharraren ondorioa: eskuineko alderdiek emakumeak behar dituzte, hezkuntzan, osasun arloan eta mendekotasunaren esparruan egiten ari diren murrizketen politiken ondorioz estatuak bete gabe uzten dituen zerbitzuak emakumeek bete ditzaten. Horregatik bidali nahi dituzte emakumeak etxera berriz. Dena dela, guk ahal dugun guztia egingo dugu hori galarazteko, eta, ildo horretan, datorren Martxoaren 8an kalera joko dugu berriz, hori salatzeko. Animatu eta etorri gurekin salatzera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!